Bala galdu batek beti aurkitzen du bere bidea. Beti aurkitzen du norbait, bidean, bala galdu batek. Norbait galdu zen bala baten bidean. Beit Jallan aurkitu dugu. Ez du hitzik egiten, begi keinuren bat tartean behin. Taxi gidaria zen Nabulusen, eta orain, aulki gurpildunean dabil besteek gidatuta. Yassir du izena, eta apenas nik baino urte bete gehiago duen. Soldadu israeldar baten tiroak harrapatu zuen, orain urte bete, kasualitatez, buruan.
Bala galdu batek beti aurkitzen du bere bidea. Beti aurkitzen du norbait, bidean, bala galdu batek. Norbait galdu zen bala baten bidean.
Beit Jallan aurkitu dugu. Ez du hitzik egiten, begi keinuren bat tartean behin. Taxi gidaria zen Nabulusen, eta orain, aulki gurpildunean dabil besteek gidatuta. Yassir du izena, eta apenas nik baino urte bete gehiago duen. Soldadu israeldar baten tiroak harrapatu zuen, orain urte bete, kasualitatez, buruan.
Elkarrizketa egitea proposatu genion, eta ez zuen ezezkorik eman. Baiezkorik ere ez zezakeen. Baina lehengusua zuen ondoan, eta hura ados, dena kontatzeko, arabieraz. Sendagileak egin zigun arabieratik ingeleserako bidea. Eta Ion itzultzaile laguna nuen ondoan ingelesetik euskarara ekartzeko hitza. Nik galdera bat egiten nuen, eta galdera ikurrak itzuli osoa ematen zuen Yassirren begietara iritsi arte. Honek keinu batez bueltan bidali, eta han ikusten nuen nola zetorkidan bueltaka-bueltaka, askotan, esklamazio ikur bihurtuta. Ramonetekin oroitu nintzen, kazetari izatea kateko lan bat bihurtua dela. Guk kate luzea osatu genuen Beit Jallako ospitalean: ni-Ion-sendagilea-lehengusua-Yassir, Yassir-lehengusua-sendagilea-Ion-ni. Marka jarriko genuela pentsatzen dut, eta bide batez Palestinako langabezia izugarriaren arazoari soluzio bide bat aurkitu, bost pertsona behar izan baikinen hitz egiten ez duen bati elkarrizketa egiteko.
Galdera erantzunak korroan zebiltzan artean txikitako jolas bat etorri zitzaidan burura: telefono arabiarra. Hala esaten genion guk. Borobilean eseritzen ginen lagun guztiak, eta batek esaldi bat pausatzen zuen aldamenekoaren belarrian. Honek esaldi bera bere ondokoari luzatzen zion hitzen bat aldatuta. Eta honek hurrengoari, eta hurrengoak hurrengokoari, aldi oro zerbait aldatuz, segi eta segi, esaldiak itzuli osoa eman arte. Azkenekoarengana iristen zenean, azkeneko horrek hasierako esaldi orijinala zein izan ote zen asmatu behar zuen. Nire jolasik gustukoenetakoa zen. Eta Yassirri elkarrizketa egin eta gero, itzulpen perfektuetan sineskaitz, horixe pentsatu nuen, inork ez duela jakiten txikitako jolasak gero zenbateraino balioko dioten.