Ikuskizunetako eta emanaldietako teknikariek greba egin dute bart Gasteizko jaietan. Txosnetako zein hainbat plazatako kontzertuak eta emanaldiak bertan behera geratu dira, eta jendearen babes "beroa" jaso dute grebalariek, hala azaldu dio Teknikariok sindikatuko ordezkari Ander Tejerinak ARGIAri. Greba egun arrakastatsua izan bada ere, sindikatuak ez du erantzunik jaso patronalaren aldetik.
Telefonotik Ander Tejerinak ahotsa urratuta duela entzun daiteke: "Ahotsean sumatu dezakezun bezala, atzo batetik bestera ibili gara". Teknikariok sindikatuko ordezkariak begi onez baloratu du atzo, abuztuaren 5ean, Gasteizko jaietan ikuskizunetako eta emanaldietako teknikariek egindako greba. Langileek grebarekin bat egin dute, eta artistek eta emanaldietako antolatzaileek ere babesa helarazi diete. Patronalaren aldetik, aldiz, ez dute erantzunik jaso.
Orain aste batzuk Teknikariok sindikatuak, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuekin batera, iragarri zuen Gasteizko, Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan greba egunak egingo zituztela. Bi urte daramatzate ikuskizunetako teknikarien lan baldintzak hobetuko lituzkeen lan hitzarmen kolektiboa eskatzen. Ordea, EUKI Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizun eta ekitaldien sektorearekin negoziazioak geldirik daude; hortik, iragarritako hiru greba egunak.
Babes handia
Andra Maria Zuriaren eguna izan zen asteazkenean Gasteizen, jaietako egun handia, eta teknikarien hiru greba egunetako lehena. "Eraginari dagokionez oso pozik gaude", baloratu du Tejerinak. Txosnetako eta hainbat plazatako kontzertuak bertan behera geratu dira, baita Felix Petite antzokiko antzezlanak ere; Prado plazako kontzertuetako hainbat artistek, aldiz, ekipo teknikorik ez erabiltzea erabaki dute. Egun osoan zehar sirena hotsa entzun da hirian. "Pikete informatiboak egin ditugu eta langile ordezkapenik gertatzen ez dela kontrolatu dugu, hau da, greba eskubidea errespetatzen dela ziurtatu dugu". Azken hori "kostata", baina lortu dutela iritzi dio Tejerinak.
Ez dute grebaren atxikimenduen daturik: "Ez dakigu zenbat langile zeuden deituta lanera. Oso sektore atomizatua da, enpresa txikiak lanean aritu dira". Dena den, harro agertu da. "Langileok elkartuta eta antolatuta ibili gara". Jendearen partetik ere elkartasun "beroa" jaso dute: "Behin eta berriz eskertuko diegu programazioa bertan behera utzi duten promotoreei hala nola, Gasteizko Txosna Batzordeari eta Kontseilu Sozialistaren txosnari, baita babesa helarazi diguten artistei ere". Bere hitzetan, haien babesa "erabat garrantzitsua" da. Sindikatuko ordezkariak azpimarratu du egunean zehar jendearen babesa ere izan dutela, pegatinak hartuta edo keinuz erakutsita.
Patronalaren erantzunik ez
Babes eta erantzun asko jaso badituzte ere, batena falta da: patronalarena. "EUKI patronala ez da gurekin harremanetan jarri, etenda dago negoziazioa", esan du. Tejerinak ilun ikusi du egoera. "Patronala oso tinko dago, ikusten dugu ez duela mugitu nahi". Ondorioz, sindikatuak susmoa du grebak ez duela balioko, oraindik ere, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa martxan jartzeko.
Hala eta guztiz ere, itxaropentsu azaldu da Donostian eta Bilbon egingo dituzten datorren greba egunetarako. "Espero dugu Gasteizen bezala ahalik eta langile gehienek egitea bat grebarekin, hori baita greba egunaren funtsa. Baina, jakina, artisten elkartasuna ere oso garrantzitsua da". Ikusteke dago zer gertatuko den, baina Donostiako Piratek eta Bilboko Konpartsek jada aurreratu dute greba babestuko dutela. "Ea indar pixka batekin blokeo hau apurtzen dugun".