Finances Times komunikabideak atera du argira informazioa martxoaren 2an. Horrela kausitu ahal izan dute Ali Khamenei aiatola eta beste zenbait goi-kargudun hiltzeko une egokia. Asteazken gau honetan egitekoak zituzten aiatola zenaren ehorzketak, baina azkenean atzeratu dituzte oraindik erabakita ez duten data berri batera.
Ali Khamenei aiatolaren heriotzaren atzealdean urteetako zelatatze antolaketa bat egon dela argira ekarri du Finances Times komunikabideak. Zehazki, Teheran hiriburuko bideokamerak hackeatu eta aiatolaren eta beste zenbait goi-kargudunen joan-etorri guziak hurbiletik jarraitu ahal izan dituzte, beraien ohiko mugimenduak argitu arte.
Otsailaren 28an Khamenei hil zuten eraikinetik hurbil, kamera bat bereziki erabilgarria izan dute: segurtasun-agenteek baina, batez ere, lider gorena babesteaz eta hirian zehar gidatzeaz arduratzen zirenek erabilitako aparkalekua behatzen zuena. Mossad eta CIA israeldar eta estatubatuar inteligentzia zerbitzuek horri esker jakin ahal izan dute, Khameneik bilera bat egitekoa zuela larunbat honetan bere bulegoetan, Iraultzaren Zaindariak erakundeko kide nabarmenez inguratuta.
Mossaden barneko iturrietan oinarritu da komunikabidea konklusio horretara heltzeko. "Jerusalem bezain ondo ezagutzen genuen Teheran. Eta handitzen ikusi zaituen karrika bezain ongi ezagutzen duzunean karrika bat, berehala nabaritzen duzu gauza txikiena ere dagokion lekuan ez dagoenean", aitortu dio zelatatze lan horietan arituriko agente batek Finances Times-i.
Bideokamerez gain, telefono mugikorren sarea bermatzeko dorreak ere hackeatuta zituztela plazaratu du Finances Times-ek. AEB eta Israelen erasoen lehen egun horretan, aiatolaren egoitzaren inguruko dorreak indargabetuta zituzten, segurtasun agenteen komunikazioa blokeatzeko.
Asteburuan abiatu zuten Iranen kontrako eraso armatua Washingtonek eta Tel Avivek. Geroztik bide beretik segitzen dute eta gerra eskualde osora zabaldu da. AEBak "indar posizioan" daudela zehaztu du Donald Trumpek asteazken honetan: "Indar posizioan gaude orain, eta haien arduradunak azkar desagertzen ari dira. Buruzagi izan nahi duten guztiek hilda amaitzen dute".
Asteazken gau honetan egitekoak zituzten aiatola zenaren ehorzketak, baina azkenean atzeratu dituzte oraindik erabakita ez duten data berri batera. "Aurretik sekulan ikusi gabeko ehorzketa kopuruagatik" erabaki dute atzerapena, Irango telebista publikoaren arabera.