Tasa turistikoa ezarriko da EAEn 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera

  • 2027ko urtarrilaren 1ean ezarriko da tasa turistikoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Gau bakoitzeko 0,5 eta 7,5 euro artean ordainduko du bezero bakoitzak ostatu motaren arabera, eta dirua zerbitzu publikoetara bideratuko da.


2026ko martxoaren 18an - 11:08
Azken eguneraketa: 12:10
DANI BLANCO / ARGIA CC BY SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek adostu dute tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera modu bateratuan ezartzea. Ostatu bakoitzak bezero bakoitzari tasa kobratuko dio, bertan igarotako gau bakoitzarengatik. Tasak gehienez bost gauetarako ordainduko dira, betiere bezeroa aterpez aldatzen ez bada. Behin kobratuta, udalei estantziaren berri emango diote.

Nagusiki 0,5 eta 5 euro artean egongo da pertsonako eta gaueko aplikatuko den tasa, ostatu mota, kategoria eta edukiaren araberakoa izango dena. Hala ere, 750 logela baino gehiago eskaintzen dituzten udalerrietan 7,5 euroraino igotzeko aukera egongo da. Bestalde, 25 logelako eskaintzara iristen ez diren udalerriek aukera izango dute zergarik ez kobratzeko. Nekazaritza-turismoari dagokionez, tasarik baxuenak aplikatuko dira sektorean, 0,5 eta 1,25 euro tartekoak.

Erabakia azken hilabeteetan jasotako alegazioen harira hartu dute eta Berriak jaso duenez, tokian tokiko zerbitzu publikoetara bideratuko da zergekin eskuratutako dirua. EAJk eta PSE-EEk bultzatu dute proiektua eta aurrera ateratzeko oposizioko taldeen laguntza izango dute Gipuzkoa eta Araban. Gipuzkoan proiektua asteartean onartu den arren, Araban martxoaren hasieran eta Bizkaian apirilean onartzea aurreikusten da. Ondoren, hiru lurraldeetako Batzar Nagusiek berresten dutenean, proiektua ekainerako onartuko dela sinesten dute hiru lurraldeek.

Tasa 2026ko otsailaren 5etik aurrera egin diren erreserbei aplikatuko zaie eta ondorengoak ordaintzeaz salbuetsita egongo dira: adin txikikoak; %65etik gorako desgaitasuna dutenak eta 2 edo 3 graduko mendekotasun-egoeran daudenak; ikasketengatik eta osasun arrazoiengatik bidaiatzen dutenak; programa sozial publikoetan parte hartzen dutenak; eta ezinbestean bidaiatu behar dutenak, hala nola hondamendi natural baten eraginez, larrialdi egoera batengatik eta bortxazko ekintza batengatik.

Donostiako Udalak inplementazio data aurreratzea eskatu du

Jon Insausti Donostiako alkateak tasa turistikoa aurtengo udaran inplementatu nahi duela adierazi du, eta Batzar Nagusiei eskatu die eguna aurreratzeko. Itziar Agirre Hazienda eta Finantzen foru diputatuak azpimarratu du erabakia hiru lurraldeen artean modu bateratuan hartzearen garrantzia, eta hurrengo urtean ezartzeak segurtasun juridiko handiagoa emango duela ere bai.

 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.