Unescok ohartarazi du egoera "larria" dela Afganistango neskentzat, hezkuntzarik gabe ezin dutelako lana eta dirua lortu. 2021ean Talibanek herrialdeko botere berreskuratu zutenetik, emakumeei oinarrizko eskubide asko debekatu dizkiete, esaterako, lehen mailako hezkuntzatik aurrera ikasten jarraitzea, gizonezkorik gabe bidaiatzea edota kalean hitz egitea.
2021ean Talibanek Kabul mendean hartu eta Afganistango boterea berreskuratu zutenetik, bortizki aldatu dute herrialdeko emakumeen egoera. Oinarrizko eskubide eta askatasunak debekatu dizkiete, besteak beste, lehen mailatik goragoko hezkuntza jasotzeko eskubidea. NBEren Hezkuntza, Zientzia eta Kulturaren Erakundeak (Unesco) berriki jakinarazi du, azken bost urteetako datuak kalkulatuta, 2,4 milioi neska daudela bigarren hezkuntzatik kanpo, 2024an baino milioi bat gehiago. Afganistan munduko herrialde bakarra da formalki nesken eta emakumeen hezkuntzarako sarbidea debekatzen duena.
2022eko abendutik neskek debekatuta dute bigarren zein goi mailako hezkuntza jasotzea. Unescoren arabera, eskubide urraketa horrek azken bi hamarkadetan lortutako aurrerapenak eten ditu: 2001ean nesken hezkuntzarako sarbidea oso mugatu zen; 2021ean, ordea, ia milioi bat neska zeuden bigarren mailako hezkuntzan matrikulatuta. Aitzik, 2022tik 100.000 emakumek utzi behar izan dituzte unibertsitate ikasketak.
Independentzia ekonomikoa kolokan
Unescoren hitzetan, "larria" da egoera, pobrezia areagotu eta "atzera bueltarik gabeko" kalteak eragiten baititu. "Neskek ezin badute bigarren mailako hezkuntza jaso, goi mailako hezkuntza jasotzeko aukera galtzen dute, eta horrekin, lana lortu eta independentzia ekonomikoa izatea. Hau da, sozialki baztertzeko modu bat da", azaldu du Hoda Jaberian, Unescoko Hezkuntza Larrialdietako Programako koordinatzaileak.
Egoera ekonomikoan ez ezik, hezkuntzatik baztertzeak nesken eta emakumeen osasun fisikoan zein psikologikoan eragiten du, eta arrisku handiagoa dago adin txikiko nesken ezkontzak gertatzeko. Gainera, emakumeek ezin dutenez irakasle izan, are irakasle gutxiago daude eta hezkuntzaren kalitatea ere okertu egin da.
Talibanak boterera iritsi aurretik, Afganistanek arrakala nabarmena zuen hezkuntzari eta generoari dagokionez. 2022an, Afganistango alfabetizazio tasa %37,3koa zen. Gizonezkoen %52,1ek zekien irakurtzen; emakumeen kasuan, aldiz, %22,6k. Ordea, urte hartatik beherantz egin du emakumeen kopuruak. Unescok ohartarazi du debekuak jarraituz gero, 2030ean ia lau milioi neska bigarren mailako hezkuntzatik kanpo egongo liratekeela
Debekuaren aurrean, emakumeek eskola eta irakurketa talde klandestinoak eratu dituzte, baita telebistako heziketa-programak ere, erresistentzia modu gisa. Ordea, jazarriak izan dira eta heriotza mehatxuak jaso dituzte.
Bestelako eskubideak ere urratuta
Hezkuntzarako sarbidea ez da talibanek debekatu dieten oinarrizko eskubide bakarra. Unescoren txostenaren arabera, besteak beste, debekatuta dituzte ia lan eta ogibide publiko guztiak, gizonezko tutore batekin bidaiatu behar dute eta kalean ezin dute hitz egin edo aurpegia erakutsi. NBEk salatua du "genero apartheid-a" dela talibanak herrialdean egiten ari direna.