Balizko olatuan surf egitea zaila izan daiteke Takaichi Japoniako lehen ministroarentzat

  • Datorren igandean, otsailak 8, egingo dira Japoniako Dieta edo Parlamentuaren behe ganberarako hauteskundeak. Urtarrilaren 13an deitu zituen bat-batean, lau asteko prestamen-tarte ezin laburragoarekin, urriaren 21ean karguaz jabetu zen Sanae Takaichi lehen ministroak.

Japoniako Gobernua

2026ko otsailaren 3an - 11:51
Azken eguneraketa: 22:24
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Orain hurrengo hauteskunde orokorrak 2024ko urrian egin ziren, duela urte eta erdi baino gutxiago, eta orduan Shigeru Ishiba buru zuen Alderdi Liberal Demokratikoa, betiereko gobernu-taldea, gehiengo herrenarekin geratu zen. Emaitza haien ondorio izan zen, nagusiki, Takaichi andreak Ishiba ordezkatzea.

Inkesten aurreikuspenak betetzen badira –eta ez dago mesfidatiegiak izan beharrik–, Takaichiren alderdiak biziro hobetu ditzake emaitza haiek, eta gehiengo osoa lor dezake 465 jarleku dituen legebiltzarrean. Hala balitz, mugimendu taktiko arrakastatsua izango litzateke hauteskunde-aurrerapena: orain arte izan ez duen erosotasun politikoa emango lioke Dieta berriak gobernua osatu eta bere politikak lantzeko. Lehenik, aliantzak eratzeko orduan. Komeito alderdi kontserbadorea, galdua duen aspaldiko makulu leiala, ordeztea ez baita horren samurra, hilabete hauetan ikusiko zuen bezala.

Bere hautu estrategiko horiexek eginbidean jartzean etor dakizkioke –etorri zaizkio jada, hein batean– buruhausteak Takaichiri, halere. Karanbola hirukoitza dirudien zerbait egikaritu nahian ari baita: munduko bi potentzia ekonomiko eta militarren, AEBen eta Txinaren arteko areriotasunaren olatuan surf estrategikoa eginez, II. Mundu Gerra galdu zuenean haietako batek, AEBek, ezarri zion uztarri konstituzionala lepotik kendu eta, hurbilagoko beste arerioari aurre egitea argudio dela, berrarmatzeari ekiteko... hartara etxeko ekonomia motela suspertuko duelakoan. Argi esan gabe, baina hori litzateke sakoneko deliberoa, eta halaxe ulertu du Txinak. Ez dago argi zer ulertu duen Trump administrazioak.

Arrazoibide hirukoitz horren azken korolario ekonomikoa, keynesianismo militar gordinekoa, eztabaidagarria bada, are zalantzagarriagoak dira haren sorburuan dauden bi premisak. Trump administrazioak abenduan argitaratu zuen Segurtasun Nazionaleko Estrategia eta urtarrilean plazaratu duen Defentsa Nazionaleko Estrategia dokumentua aintzat hartzen badira behintzat. Batez ere erabakigarriena izan behar lukeen bigarren horretan Japonia bi bider (eta bietan, Ipar Korearekiko tirabiren kontura) soilik aipatzen baita. Bi dozena aldiz baino gehiagotan (eta iruzkingileei deigarria egin zaien baretze-tenorean) aipatzen den Txinarekin lotu gabe, inondik ere.

Takaichik gogotik lausengatu du Trump; baina, agian, ez du jakin haren benetako pentsamoldea (halakorik bada) aurreikusten. Eta olaturik gabe surf egitea oso zaila da, ezta?


Irakurri gehiago: Japonia Nazioartea Asia Hauteskundeak
Japonia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.