argia.eus
INPRIMATU
Txina zaharreko ipuinak III
Susmoa
  • Jexux Eizagirre Portillok Txinako ipuin zaharrak bildu, hautatu eta hauen bertsioak idatzi ditu. ARGIAk egunean ipuin labur bat jarriko du irakurgai, eta ikusentzun ere egin ahalko ditugu, Pako Eizagirre Irureren ahots ederrez irakurriak eta Maitane Gartziandiaren ilustrazioek jantziak.

Jexux Eizagirre Portillo 2020ko apirilaren 09a

Gizon batek bere aizkora galdu zuen. Sinetsita zegoen, lapurtu egin ziotela. Eta lapurra bere auzokidearen seme gaztea zela.

Erreparatu egin zion gaztearen ibilerari: lapurren ibilera ber bera. Erreparatu egin zion gaztearen begiradari: lapurren begirada ber bera. Erreparatu egin zion gaztearen hitz egiteko moduari: lapurren hitz egiteko modu ber bera. Erreparatu egin zion gaztearen gainerako kontu eta gauza guztiei: lapur jendilajeak izan ohi dituen kontu eta gauza ber berak. Gizonak ez zuen zalantza izpirik: gaztea zen lapurra.

Baina, egun batean, aizkora aurkitu zuen basoan. Gizona joan ohi zen basoan. Basotik etxeratzean, gaztea ikusi zuen. Eta orduan gaztearen ibilera, begirada, hitz egiteko modua, eta gainerako kontu eta gauza guztiak ez zitzaizkion iruditu lapur jendilaje horrek izan ohi dituenak, ezta hurrik emanda ere.