Global Sumuden lurreko konboiari eraso egin diote Libian, astebetez blokeatuta egon ondoren

  • Igande gauean egin diote eraso Global Sumuden lurreko konboiari: partaideak kolpatu, bortizki ibilgailuetan sartzera behartu eta gasa jaurti diete. Oraindik ez dago argi zeinek egin dien eraso. Hamar kide atxilo hartu dituzte, eta deportatzeko asmoa dute. 


2026ko maiatzaren 26an - 16:18
Telesur
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Konboia egunak zeramatzan blokeatuta Libian, Indar Armatu Arabiarrek eta ekialdeko Libiako agintariek muga zeharkatzea eragotzi dietelako, eta igande gauean egin diote eraso. Kanpamenduko jendea kolpatu eta ibilgailuetan sartzera derrigortu dituzte bortizki, Aiaraldeak jaso duenez. Ondoko meskita batean babestu diren 23 emakumeri gasa bota diete eta arrastaka atera dituzte bertatik. Ez dago zauritu larririk, baina hainbat kide ospitalean daude zauriak artatzen. 

Ez dago argi zeintzuk izan diren erasotzaileak. Konboiaren antolatzaileen esanetan, Libiako mendebaldeko agintariekin harremana duten indarrak izan daitezkeela jakinarazi diete bertako herritarrek. Beste eraso bat jasatea ekiditeko, kanpamendua utzi eta Libiako hiriburura, Tripolira, itzuliko dira. Bertan erabakiko dute zer egin. Bertako partaideen artean euskal herritar bat dago, Haizea Urkixo laudioarra. Urkixok bizitzen ari diren egoeraren berri eman du berriki ARGIAn.  

Hamar atxilotu

Hilabete igaro da 200 pertsonatik gora hamar kamioi eta zazpi anbulantzietan Gazara abiatu zirenetik laguntza humanitarioa eramatera, Naizek jaso duenez. Mauritanian hasi zuten bidea, eta talde txikitan banatu dira. 

Erasoa jaso duen taldeak egunak daramatza Libiako ekialdea zeharkatu nahian, baina Libiako Indar Armatu Arabiarrek eta ekialdeko Libiako agintariek muga zeharkatzea eragotzi diete. Igandeko saiakeran, hamar kide atxilotu dituzte, Bengasi (Libia) hirira eraman eta deportatuko dituztenak, Berria-k jaso duenez.

 


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

2026ko maiatzaren 26
Global Sumud Euskal Herriaren mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren aurrean
“Gezur hutsa da Ertzaintza probokatu genuela, eta munduak hori badaki”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.