SuminTransek salatu du Osakidetzak alternatibak eskaini behar dituela tratamendu hormonalaren faltari aurre egiteko

  • Lenzetto eta Climodien tratamendu hormonalak menopausia duten emakumeei zuzenduta daude, baina feminizazio prozesuak egiten dituzten pertsona trans eta intersex batzuek ere erabiltzen dituzte. Climodien merkatutik kendu dute, eta Lenzetto eskasia dago.

SumintTranseko kideak, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko egunean (martxoaren 31n), beste kolektibo batzuekin batera egin zuten elkarretaratzean.

2026ko urriaren 9a - 09:28
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Egun batetik bestera eta inolako abisurik gabe, Lenzetto eta Climodien tratamendu hormonalak Euskal Herriko farmazietatik desagertu dira. Menopausia duten emakumeei zuzenduta daude, baina feminizazio prozesuak egiten dituzten pertsona trans eta intersex batzuek ere erabiltzen dituzte. Horietako askok farmazian hormonak eskuratu nahi izan dituztenean jakin dute ez daudela. Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) arabera, Gedeon Richter merkaturatzaileak 2026ko azaro erdialdean hornidura pixkanaka berreskuratzea aurreikusi du Hego Euskal Herrian eta 2027ko urtarrila edo otsailera arte ez dira normaltasunera itzuliko. Bestalde, Climodien botikaren fabrikatzaileak  –Bayerrek– merkatutik erretiratzeko erabakia hartu du mundu osoan.

Dalia Pujana SuminTrans kolektiboko kideak salatu du ez dela ia komunikaziorik egon hormona horiek hartzen dituzten pertsonekin: “Gure kasuan, Osakidetzak ohar bat jarri zuen, baina soilik kontsultategietan. Ez zen inolako komunikazio zuzenik egin tratamendua jasotzen duten pertsonekin; ez emailik, ezta deirik ere”.

Gorputzak estrogenoen eta testosteronaren arteko oreka aurkitu behar du egoki funtzionatzeko. Hortaz, adibidez, testosterona gutxitzeko antiandrogenoak hartzen dituzten pertsonek estrogeno maila handitzen duten botikak hartu behar dituzte. Bestela, bi hormonak maila baxuan gelditzen dira, desoreka sortuz. Egun batetik bestera botika hartzeari uzteak arazo larriak eragin ditzake, epe laburrean zein luzean. Horien artean daude ustekabeko beroaldiak eta gaueko izerdi-jarioak, loaren nahasmenduak, aldarte aldaketak, osteoporosia garatzea, akidura, arazo kardiobaskularrak eta depresioa.

Lenzettoko sprayak partxeekin ordezkatu dituzte. Lehena egunero eman behar zen, eta bigarrena hiru egunetik behin. Pujanak azaldu duenez, partxeak ez dira aski: “Esaten zuten berdina dela, baina gure artean hitz egin dugu, eta ez dira aski tratamendu feminizatzailea mantentzeko. Partxeetara aldatzeagatik menopausia sintomak izan dituen jendea dago”. Sprayetik partxeetara aldatzeko, Gurutzetako Genero Unitateko espezialistarengana jo behar da, baina “oso zaila” da hitzordua eskatzea: “Zuk egin behar duzu lan guztia tratamendu-aldaketa eskatzeko”.

Beste alternatiba batzuk daude, baina Osakidetzak ez ditu eskaintzen. Adibidez, monoterapiarako tratamendu injektagarriak daude, baina Hego Euskal Herrian ez daude merkatuan. Injekzio horiek astero jarri behar dira, eta horrekin aski da estrogeno maila nahikoa izateko eta testosterona gutxitzeko. Ez dute antiandrogenorik behar. “Beste pilula batzuk daude, baina Osakidetzak ez ditu eman nahi. Uste dugu Osakidetzaren ardura dela alternatibak eskaintzea”, nabarmendu du.

GIUaren abolizioa helburu

Botikekin arazorik izanez gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonek ezin dute familia medikura jo botika aldatzeko. Hiriburu bakoitzeko Pertsona Transentzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak dauden arren, han ere ezin dituzte botikak errezetatu eta ezin dute tratamendu aldaketarik egin. Hortaz, edozein aldaketa egiteko endokrinologoak artatu behar ditu Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean (GIU). SuminTranseko kideek diotenez, unitatea desagertu eta lehen mailako arretatik artatu beharko litzateke. “Ez dugu ulertzen zergatik existitu behar den horrelako erakunde bat, zazpi urtez legez kanpoko gauzak egiten aritu dena eta jendea psikologiatik pasatzera behartu duena”. Gainera, uste dute Pertsona Transentzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak beste oztopo bat gehiago direla.

2019ko ekainean, Eusko Legebiltzarrak 9/2019 Legea onartu zuen. Bertan, trans identitateen despatologizazioa jasotzen zuen, eta adierazi zuen ez dela beharrezkoa ebaluazio edo diagnostiko psikiatrikoak egitea. 2024ko 4/2024 Legeak ere berdina berretsi zuen. Hala ere, erabiltzaileek urteak daramatzate salatzen psikiatriatik pasatzera behartzen dituztela. Presio sozialari esker, 2026ko martxotik Osakidetzak derrigorrezko ebaluazio psikiatrikoa kendu du. “Ez da pertsona transei laguntzen dien erakunde bat”, salatu du Pujanak.

 


Transexualitatea kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.