Euskal Herriko zein munduko hainbat hiriburutan manifestazioak burutu zituzten atzo suminduek. Milaka lagun atera ziren kalera festa giroan baina ustelkeria politikoa, soldaten eta pentsioen murrizketak eta, hezkuntzako eta osasungintzako murrizketak salatzeko. Greba orokorra prestatzen hasi direla ere iragarri zuten.
Bilbon antolatzaileen arabera 8.000 sumindu bildu ziren "Euroaren hitzarmenari ez. Ez gara politikoen eta bankuen merkantzia" lemapean. Lakuako Gobernuaren eraikinera, Diputaziora, Hazienda Ministerioaren ordezkaritzara, Udaletxera eta Santander eta BBVA bankuen egoitzetara iristean eserialdi laburrak egin zituzten eskuak goian "eskuak gora, hau lapurreta da" ohiukatuz. Gasteizen 3.000 lagun bildu ziren "Euroa herritarrentzat eta ez merkatuentzat" lemapean. Ajuria Eneara iristean "ez gaituzte ordezkatzen!" ohiukatu zuten. Donostian ere milaka lagunek burutu zuten Boulevardean amaitu zen manifestazioa, eta ondoren akanpada jaso zuten. Iruñean ere menifestazioa burutu zuten.
Madrilen manifestazio jendetsua izan zen. Sei auzo ezberdinetatik abiatutako martxak Neptuno plazan bildu ziren, Espainiako Kongresuaren aurrean. Ohiuez gain pankarta ikusgarri ugari ikus zitezkeen: "Zure Botína, nire krisia" edo "Ustel baten atzean sei tertuliakide daude" bezalako leloekin. Lynce enpresak egindako zenbaketaren arabera 37.742 eta 42.271 lagunen artean bildu ziren manifestazioan, CCOO eta UGTk murrizketen aurka deitutako manifestazioetan baino gehiago. Valentzia, Granada eta Sevillan ere egin zituzten martxak.
Bartzelonan (Herrialde katalanak) milaka lagun atera ziren kalera "Kalea gurea da, ez dugu krisia ordainduko" lelopean, estatuan izandako manifestaziorik jendetsuenan. Mossoen arabera 50.000 izan ziren kalera atera ziren suminduak, antolatzaileen ustez 260.000.
Parisen eta Bruselan ere izan ziren manifestazioak baina hauetan polizien kargak izan ziren. Bruselan negar eragiteko gasekin sakabanatu zituzten manifestariak. Parisen 100 sumindu inguru atxilotu zituen poliziak, Notre Dameko katedralaren inguruan, bertan egoteko baimenik ez zutela-eta.