Sukalde propiotik, kanpoko catering sistemara pasarazi dituztela salatu du Leioako institutuak

  • Ikastetxean bertan sukaldea duen institutu publiko bakarretakoa da Leioako (Bizkaia) Jose Miguel Barandiaran. Eraikin berrira aldatu behar dira datorren ikasturtean, eta sukaldea mantentzea eskatu dute, baina ezezkoa jaso dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik.

Jose Miguel Barandiaran BHI

2026ko irailaren 9an - 12:48
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Leioako ikasleek eurek diote, Lehen Hezkuntzako ikastetxetik (non catering sistema duten) institutura igarotzen direnean, aldaketa handienetakoa jatekoa dela eta askoz hobeto jaten dutela; hala azaldu diote ARGIAri ikastetxetik. Ez alferrik, urtetako esperientziak erakutsi die institutuan bertan sukaldea izateak eta sukaldariek jana bertan prestatzeak catering sistemak baino emaitza hobeak ematen dituela. “Oso gustura” daude egungo sistemarekin, ziurtatu digutenez.

Horregatik, eraikin berri batera igaro behar diren honetan, Hezkuntza Sailari eskatu zioten sukaldea mantentzeko. “Baina ezezkoa jaso dugu bueltan, office sukaldea edo kanpoko cateringa izango dugula, eta zurrumurrua iritsi zaigu asmoa dela zonaldekako sukaldeen alde egitea, alegia, Leioako beste ikastetxe baten inguruan sukalde erraldoia ezartzea, hainbat ikastetxerentzat. Dena den, ofizialki ez dugu inolako informaziorik jaso”.

Gaur egun, sukaldeak eta jantokiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako 260-270 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. “Galera honek ikasleek jaten duten elikagaien kalitatean” eragingo lukeela argi dute. Eta ez hori bakarrik, ikasleekin bertan kozinatzeko baliabide gisa erabiltzen dute sukaldea. “Etorkizunean sukaldearekin loturiko proiektu berritzaileak martxan jartzeko aukerak desagerraraziko lirateke”.

Martxan diren obrek ez dute sukaldea aurreikusten eta printzipioz 2027-2028 ikasturtean aldatuko dira bertara, baina aldarrikapenari eta itxaropenari eusten dio institutuko Organo Gorenak: “Gure ustez, institutuaren eraikin berriak sukalde propioa izan beharko luke, eta hori posible egiteko beharrezko aldaketak martxan ipini ditzala eskatzen diogu Hezkuntza Sailari”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eskola jantokiak kanalean gehiago
2025eko maiatzaren 12
Ikastetxeetan Elikadura Osasuntsu eta Jasangarria Sustatzeko Espainiako dekretua
Beste behin ere... ezer ez aldatzeko

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.