Azken boto paperak eta atzerrikoak zenbatzeke, alde txikiarekin bada ere zentro-ezkerreko oposizioa gailendu da Suediako legebiltzarrerako hauteskundeetan, bozen %49,5 jasota. Eskuineko blokeak, botoen %49,1 eskuratu du. Ultraeskuinak azken urteotako emaitzarik okerrena erdietsi du: botoen %17,6.
Gauzak horrela, zentro-ezkerrak 176 eserleku lortuko lituzke, eta eskuinak 173.
Zentro-ezkerreko blokeari dagokionez, Alderdi Sozialdemokratak jaso du bozka gehien (%28,1), beherakada izan duen arren. Aldiz, gora egin dute Ezkerreko Alderdi sozialistak –hauteskundeetako laugarren indarra izan da, botoen %8,2 lortuta–, Zentroko Alderdiak eta Berdeek.
Bestalde, hark ere behera egin duen arren, eskuineko blokeko alderdien artean Alderdi Kontserbadoreak jaso du babesik handiena (%19,9), SD Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdiari aurre hartuta. Botoen %17,6 lortu du ulktraeskuinak, urteotako kopururik baxuena.
"Nire mezua argia da, sozialdemokratak beti egongo gara prest emaitzaren erantzukizuna onartzeko", adierazi du Alderdi Sozialdemokratako buru Magdalena Anderssonek. "Badirudi oso estua izango dela, baina orain buruan goaz, eta horrela jarraituz gero, Suediak gobernu berria izango du". Bestalde, zalantzak agertu ditu Ezkerreko Alderdia gobernu koalizio batean sar dezaketen; bai, ordea, kanpoko babes gisa. Ezkerreko Alderdiak hauteskunde gauean berretsi duenez, gobernuan sartzea eskatzen dute Andersson babesteko.