Substantziak analizatzeko eta informatzeko gune bat zabaldu du Ai Laket!! elkarteak Iruñean

  • Gunea Arrotxapea auzoan dagoen Sare elkartearen egoitzan dago, eta ostiraletan 19:00etatik 22:00etara dago zabalik. Helburua droga kontsumoari loturako arriskuak murriztea da.

Adrian Bermejo, Ai Laket!!! elkarteko langilea.

2026ko ekainaren 26an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hegoak elkartearen lekukoa hartu du Ai Laket!! elkarteak. 1994tik 2022ra droga kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko lanean aritu da Hegoak elkartea Nafarroan. 2022an jarduna utzi zutenetik, Adrian Bermejok esan du “ia” ez dela lanik egin arlo horretan. Ai Laket!! elkarteko langile berria da, eta Nafarroako arduraduna. Substantziak analizatzeko eta informatzeko gunea ostiraletan dago zabalik, baina Bermejo aste barruan ere egonen da Nafarroa osoko lana kudeatzen.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (NOPLOI) Hegoak elkarteko batzarkideekin elkartu zen iaz, zerbitzua berreskuratzeko asmoz. Zenbait solasaldi eta proposamenen ostean, Ai Laket!! elkarteak hartu du lekukoa: “Gure asmoa da lehen egiten zen lanarekin jarraitzea eta zerbitzu on eta polit bat eskaintzea”.

Horretarako, zenbait lan ardatz jarraituko dituzte. Alde batetik, substantziak aztertzeko gunea egonen da. Edonor joan daiteke, eta anonimoa da. Adina eta genero identitatea estatistiketarako baino ez dute galdetzen. Asmoa ez da droga kontsumoa sustatzea, baizik eta ahalik eta gehien informatzea, gero norberak erabakitzeko: “Guk ez diogu inori esango zer egin behar duen. Azalduko diogu zer ekarri duen. Adibidez, norbaitek speeda ekartzen badu, test kolorimetriko batekin ikusi dezakegu ea benetan anfetamina den edo ez, eta zerekin moztuta dagoen. Gehien erabiltzen direnak kafeina, aspirina eta parazetamola dira. Substantzia arriskutsurik agertzen bada ere abisatu egiten dugu”.

Nafarroan hasi berri diren arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere lan egiten du elkarteak, eta normalean jasotzen dituzten laginetan ez dute eszipiente “arriskutsurik” aurkitzen. Iruñeko egoitzan duten  analisirako materialarekin ikusi dezakete ea benetan ekarri duten substantzia den edo ez, eta zerekin moztuta dagoen. Nafarroan oraindik ez dute laborategi batean substantziak sakonago aztertzeko aukerarik, baina espero dute hitzarmen bat lortzea. Izan ere, laborategi batean aztertzen badira, laginean dauden substantzia guztiak ikusi daitezke, eta bakoitzetik zenbat dagoen.

Lonjalaket proiektua jarri dute  martxan. Asmoa da gazteen lokaletan zuzenean egitea esku-hartzea. "Intimitate handia sortzen da, haien etxean gaudelako"

Bestetik, Lonjalaket proiektua jarri dute  martxan. Asmoa da gazteen lokaletan zuzenean egitea esku-hartzea. Horretarako hiru saio lotzen dituzte, zeintzuetan drogen inguruko informazioa ematen duten, aurreiritziez, mitoez eta sexualitateaz mintzatzen diren eta substantziak aztertzen dituzten: “Intimitate handia sortzen da, haien etxean gaudelako. Jendea harritu egiten da horrelako zerbitzuak ematen ditugunean”.

Horrez gain, ostalaritza sektorearekin, udalekin eta ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeekin koordinazio aktiboa sustatu nahi dute. Bermejoren ustez, horrek guztiak aurreiritziei aurre egiten lagundu dezake: “Beti jaso dugun mezua da drogarik ez dela hartu behar eta hartzen dituenak arazo bat duela. Beti kontsumitu izan ditugu drogak, bai gizakiok eta baita animalia askok ere. Droga ez da desagertuko. Orduan, saiatzen gara ahalik eta informazio gehien ematen norberak erabakitzeko hartu edo ez, eta espazio seguruagoak sortzeko”.

Prebentzioa helburu

Legezkoak zein legezkoak ez diren drogen inguruan informatuz prebentzioa sustatzea dute helburu. Edozer kontsumitu aurretik, analizatzea gomendatzen dute. Beste gomendioetako batzuk dira alkohola edatekotan, deshidratatzen duenez, pote batetik bestera ura edatea eta edan aurretik jatea. Sudurretik zerbait sartzekotan, gomendatzen dute ez erabiltzea billeterik, zikinak daudelako, eta ez partekatzea turuloa. Horrekin batera, ultzerak saihesteko serumarekin garbitzea lagungarria dela dio.

Kanpora begira formatzeaz gain, barne formakuntzak ere egin nahi dituzte, "ahalik eta hobekien” artatzeko jendea. Gaineratu du arreta horizontala izatea nahi dutela. Uste du horrelako zerbitzuak sustatzea “oso lan polita” eta “onuragarria” dela: “Poliziak eta debekuek, arriskuak murriztu ordez, egoera zaildu dute. Azkenean zabaldu da mezu bat zeinetan esaten den droga oso txarra dela, baina uste dugu hori ez dela bidea. Gure lanaren bidez komunitatea sortu nahi dugu, eta jendeak jakin dezala zer dagoen eta substantzia arriskutsu bat detektatzen badugu kalera zabaldu baino lehen alarma piztu”.

Jendea animatu du informazio eta analisi gunera hurbiltzera.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Drogak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...