Plataformak salatu duenez, institutuko zuzendaritzak email bidez jakinarazi die familiei datorren ikasturtean Artaza-Romo institutuko eraikin bat itxiko dutela, Subflubialaren obren ondorioz. Itxiera ikasturte bateko kontua izango bada ere, obraren ondorioak “luzatu” egingo direla salatu dute: zarata, kutsadura eta bibrazioak. Martxoaren 13an 18:00etan kontzentrazioa antolatu dute, institutuan bertan.
Subflubiala Ez! plataformak jakinarazi du Artaza-Romo institutuko RomoHandi eraikina itxi beharko dutela datorren ikasturtean, 2026-2027an, tunelaren obren ondorioz. Plataformak salatu du erabaki horrek “baieztatu” egiten duela beren salaketa: obrek kaltetu egingo dituztela tunelaren bi sarreratako eremuak, Artaza eta Ballonti, “sakrifizio eremu” bilakatuko dituela, alegia. Hori horrela, institutuaren eraikinaren itxiera salatzeko, eta proiektua geldiarazi dezaten eskatzeko kontzentrazioa egingo dute martxoaren 13an, barikua, 18:00etan institutuan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bildu ostean hartu du erabakia institutuak, horrela jakinarazi die familiei email bidez, eta gehitu du eraikin horretako ikasleak beste ikastetxe batzuetara bideratuko dituztela. Plataformak azaldu du, ordea, RomoHandiko ikasleetako batzuk Lamiako Eskolara bidaliko dituztela, baina Hezkuntza Sailak urtarrilean jakinarazi zuen datorren ikasturtean ikastetxe hori itxi egingo dutela, “ikasle faltagatik”: “Lamiako Eskola izan al da Subflubialaren biktima?”, dio komunikatuan plataformak.
Familiei helarazitako mezu laburrean, zuzendaritzak ez du RomoHandiren itxierarako arrazoirik zehaztu, baina plataformak azpimarratu du Artaza-Romo institutua ez dela izango kaltetu bakarra: “Obren eta tunel sarbidearen inguruan ikastetxe gehiago daude, eta horiek ere kalteak jasango dituzte”. Itxiera ikasturte batekoa bada ere, kalteak geroago ere pairatuko dituztela ere salatu du plataformak: “Zarata, kutsadura eta bibrazio arazoak obrek iraun bitartean luzatuko dira, eta amaitzean ere ez dira desagertuko”. Izan ere, errepidea erabilgarri dagoenean kutsadura areagotuko dela ohartarazi dute; alegia, arazoak “betikotu eta okertu” egingo dituela.
Hori horrela, beste dozena bat alditan egin bezala, mobilizaziora deitu dituzte herritarrak, “milaka pertsonaren osasuna, hezkuntza eta bizi kalitatea” arriskuan jartzen dituen proiektua bertan behera uztea eskatzeko.