Su-pizgailuak


2026ko maiatzaren 21ean - 13:09
Azken eguneraketa: 2026-05-27 09:06
Udane Barinagarrementeria Laka/ARGIA CC-BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Labar

Non: Akerbeltz gaztetxea (Markina-Xemein, Bizkaia)

Noiz: apirilaren 25ean.

------------------

Gaztion soinuek pizten dau herrixan sue lelopean antolatu dute aurten Markina-Xemeingo Gazte Eguna, goizeko mahai-inguruan azpimarratu dutenez, musika borrokarako tresna politiko eta politizatzailea denaren ardura eta kontzientziatik. Eguerditik goizalderako egitaraua antolatu dute, Labar taldearen kontzertua tartean.

Estrainamendu ariketa bat eginda begiratu diot gure gaztetxeko oholtza hutsari, eta atzean duen hitzen puzzlean katigatu zait begirada: desalojuek, matxismue, bakardadie, pobrezixie, polizixie, kontraesanak, arrazakerixie. Militatzen hasi nintzenetik dago hor, eta oraindik hitzek gainera salto egiten digute. Oholtzaren ertz batean jarri da La Fulana soinu mahaian, Iñi Etxezarreta oholtzaren erdi-erdiko mikrora hurbildu denean. Kamisetan letra larriz darama España, gainetik marratuta.

Spoken word-era hurbiltzen den lehen abestiarekin egin digu asmo-deklarazioa, Sasha Gogo Silbestre buruberokia jarrita beragana hurbiltzen ari dela: “Kristala mastekatuko dut eta irentsi sabelera. Txistua botako dizut begi arteko hutsunera”. Isiltasun dentso bat izan da gaztetxea abestiak iraun bitartean.

Lurrari ostikoka, amorrua eta mendeku-irribarre desafiatzailea lehertu dira bigarren abestian. Zamalanak etorri da gero, eta Sashak egin dio gainera salto. Berau lepo gainean duela, soinu eklektiko batekin, disidentziek lepo gainean duten zamaz ari da, erraietatik. Lurrean botata amaitu du, dantzaria gainean duela. Arnasa etetean asperen bat, “joder, zein da gure penitentzia?” eztarri urratutik oihukatzeko.

Gogo-dantzaria bakarrik geratu da oholtzan, abeslariaren ahotsa bozgorailuetatik zintzurrera doazen esaldiak botatzen ari den artean. Aho-zabalik utzi nau mugimenduen narratibak, nola gorpuztu duen bere buruarekin borrokan, publikoarekin lehiatzen. Oholtza hutsa hartu, publiko artera sartu eta nola hitz egin digun, hitzik gabe, porrotaz, ausardiaz, damuaz, koldartasunaz, epikaz eta harropuzkeriaz.

Agertu da berriz Iñi oholtzan, eta abiadura zein erritmoa igo dituzte tekno doinuekin. Desirari buruzko bi abesti etorri dira gero. Gorputz disidenteek erotikarako daukaten sarbide ezaz aritu dira lehenengo. Puerto Ricoko soinuen oihartzunak dakartzan Bildotsa kantua ondoren; mikroa lurrean utzi eta mugimendu sentsualagoei bidea emanda, gorputz irudi erotiko-erotizatuekin bukatzeko.

Azken abestietan nabaritu ditut lehen lerroetan miresmenez eta euforiaz batzuk, elektronika doinuetan saltoka eta abesten: “Gu ikustean errukiz begiratzen dezun arren / ez dakizu bizitza ezberdin sentitzen da hemen”. Eta gaztetxearen atzealdean azkuraz eta deseroso beste batzuk, “amorrua ferratu nahi didazu larruan, maite zaitut xuxurlatzen dezu buruan / amets bat dezu, esan altuan / nire ukabila zure ipurdi barruan” bezalakoak aditzean.

Ur goiena ur barrena abesti kolektiboa jarrita eman diote amaiera zuzeneko musikal performatiboari. Badoaz, aurrealdeko taldetxoa teknofolklorearen pogoan dela; mota askotako suak piztuta eta hormako puzzlean beste hainbat berba iltzatuta utzita.


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.