Sorturen legeztatzeari buruzko erreakzioak bildu ditugu hemen, alderdi politikoetako ordezkarienak zein gizarte eragileenak, besteak beste.
Iñaki Gabilondo (El País-eko bere bideo blogean): "Etorkizuna orain hasten da. (...) Ezker abertzaleak azken urteotan ikaragarrizko gihar politikoa egin du, konstantzia eta jarraikortasun handia erakutsi du, eta inteligentzia handia ere bai, bere aukerak erabiltzeko orduan. Aldekoak eta aurkakoak. Bitartean, beste alderdiek ez dute hori landu behar izan eta orain politikaren harean ikusiko dute elkar; asko exigituko diete hemendik aurrera. Arrazoiak arrazoien aurka hasiko dira orain, eta baliteke eztabaida hori parlamentuan ere gertatzea, eta gerta liteke ezker abertzaleak irabaztea hauteskundeak". Gabilondoren ustez, EAJk orain ardura handia du erabakitzeko ea bere gizarte ereduaren alde egingo duen ala bere "irrika" nazionalistetara joko duen. PSOEk eta PPk ere bere ustez onartu beharko dute gutxiengoa osatzen dutela.
Idoia Mendia (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea): "Erabakiak errealitate bati lege aitortza ematen dio, ezker abertzalea jada erakundeetan dagoelako Bildu eta Amaiurren bitartez".
Alberto Ruiz Gallardon (Espainiako Justizia ministroa): "Nahiago nuke Sortuk legez kanpokoa izaten jarraituko balu (...) [Sorturen jardun guztiak] gertutik eta etengabe zainduko ditugu. (...) Epaia sakon aztertuko dugu, jakiteko nazioaren gobernuari zein baliabide ematen dizkigun zaintza egonkor bat mantentzeko".
Josu Erkoreka (EAJ): "Ez zeukan zentzurik ezker abertzaleak bere lana osotasunean egiteko siglarik ez edukitzeak".
Patxi Zabaleta (Aralar): “Erabakiak ETAren amaieran lagundu dezake. Botere judizialak adi egon behar du gizartean zer gertatzen den eta kontuan hartu zein diren gizartearen eskaerak. Albiste handia da hau, aurrerapena da eta berri positiboa da”
Jone Goirizelaia (ezker abertzaleko kidea): “Bere burua demokratikotzat duen estatu batean alderdi politiko batek legalitatea onartzea, eta PPren tesietatik gertu zeuden epaileengatik legez kanpo jarraitzea onartezina zen”.
Pello Urizar (EAko idazkari nagusia): "Konstituzionalarena espero zitekeen epai bakarra zen, gizarteak ez lukeelako ulertuko kontrakoa".
Antonio Hernando (PSOE): “Urrats positiboa da normalizazio politikorako bidean. Ezker abertzaleak indarkeria alde batera utzi izana begi onez ikusi behar da. Orain ezker abertzaleak legaltasunetik ETAri dei egin beharko lioke, armak uzteko”.
Javier Elzo (soziologoa): “Trantsizioan gertatu zen zerbait gogorarazten dit honek, Suarezek esan zuenean erreala zena legezkoa izan behar zela. Ba Konstituzio auzitegiak hori egin du. Kito”.