Askapen prozesua “aukeraz beteriko agertoki batean” dagoela nabarmendu du Sortuk

  • Gudari Egunaren harira, alderdi abertzaleak 60 herri baino gehiagotan egin ditu ekitaldiak. Jarki antolakundeak, Ziburun eginiko ekitaldian, aldarrikatu du "hitzetatik ekintzetara igarotzea" beharrezkoa dela Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa ahalbidetzeko. Ohar batean, EHKSk azpimarratu du "konpromiso erabatekoa" duela autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin.


2026ko irailaren 28an - 10:26
Azken eguneraketa: 13:59
Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile orokorra, alderdiak Bilbon eginiko ekitaldian. Sortu
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 51 urte bete direnean, Euskal Herriko zenbait alderdi eta mugimendu politikok ekitaldiak egin dituzte igandean. Loturak askatzera! lelopean, Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile orokorrak alderdiak Bilbon antolatutako ekitaldian hartu du hitza, eta adierazi du ETAko bi militanteen erailketen bidez frankismoak "iruzur hutsa" izan zen trantsizioaren "mugak" ezarri nahi izan zituela: "Nazio askapen prozesua errotik eten nahi izan zuten, eta dena ondo lotuta utzi".

Iraolak azpimarratu du askapen mugimendua "borroka komunitate" bat dela, Euskal Herriaren alde borrokatu den, ari den eta arituko dena: "Orduko frankismoaren oinordekoa den faxismo berria ez da Euskal Herritik pasako". Gainera, esan du egungoa "garai historiko konplexu eta ezegonkor bat" dela, munduan zehar gerra eta "inperialismo aseezina" zabaltzen ari baita.

Sorturen ustez, Euskal Herria ez dago salbu garai horretatik, baina aldi berean "salbuespena" ere bada: "Hamarkadetako lanaren eta borrokaren bidez aukerez beteriko agertoki baten aurrean gaude". Horrela, argi dute "guztien artean" posible egingo dutela "Euskal Herria aske eta justua". 

Hauteskundeen ikasturtea

EAJk Forondan (Araba) ospatutako 50. Alderdi Egunaren harira, Iraolak esan du ondo dagoela gisa horretako ekitaldiak egitea, baina indar abertzale eta subiranistek "herri bat" dutela eraikitzeko, eta hori ezin duela alderdi batek bere kabuz egin. Beraz, "alderdikeriak" baztertuta, aldarrikatu du "lehenik aberria" egon behar dela, "eta gero alderdia", indar abertzaleak eta subiranistak batuta eta elkarlanean aritzeko.

Abiatu berri den ikasturtea "erabakigarria" izango dela nabarmendu du Sortuk: "Aukera historiko baten aurrean gaude". 2027an Espainiako Estatuan eta Frantzian egitekoak diren hauteskunde orokorrak aipatu ditu Iraolak, eta horien aurrean ezkerreko independentismoak dituen bi helburu nagusiak aipatu: "Ipar eta Hego Euskal Herrian eskuin muturra gelditzea, eta bigarrenean aukera leihoa zabalik mantentzea".

"Hauteskundeetan jokoan dagoena ez da soilik zein koloretako gobernua osatuko den, baizik eta euskal herritarren eskubide nazionalak eta sozialak errespetatuak izateko aukera zabalik mantenduko den edo, kontrara, atzerakada ekarriko duen aro bat zabalduko den", esan du Sortuko koordinatzaile orokorrak.

"Oldarraldi beteari ekin diote etsaiek"

Ziburun (Lapurdi) eginiko ekitaldian, Jarki antolakundeak aldarrikatu du Gudari Eguna "Euskal Herria oinperatzen duten frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriko langileon memoriatik" erauzi nahi duten eguna dela, eta beste batzuek "etengabeko desitxuraketan" murgildu dutela, "zapaltzen gaituztenoi otzantasuna erakustean hobariak lortu ditzaketela sinetsita".

Zeharka, Sortuk irailaren 27ari Gudari Eguna ez deitzearen erabakia gaitzetsi dute: "Ez da harritzekoa. Euskal Herri Langilea ukazioaz nekatuta, azpirazio eta jazarpenaz nazkatuta Euskal Herriaren asimilazio egoera iraultzeko jarkitzen hasten denean agertzen den hitza da gudaria. Ezinezkoa da gudari hitza irailaren 27tik erauztea. Ezin dugu irailaren 27a gudarien borroka barik ulertu". 

Jarkiren ustez, "etsaiaren hitzak Euskal Herriaren zanpaketarako tresna" dira, eta "oldarraldi betean" daude: "Kaleak mututzen, ideiak kriminalizatzen eta Euskal Herri Langilearen alienazioa baliatzen eta haren potentzialtasun iraultzailea indargabetzen ari dira". Horregatik, aldarrikatu dute Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa gauzatzea ahalbidetuko duen "alternatiba iraultzailea" gorpuztu behar dela.

Jarki antolakundeak Gudari Egunean Ziburun egindako ekitaldia. Jarki

Autodeterminazioarekiko eta sozialismoarekiko konpromisoa

EHKSk sareetan argitaratutako ohar baten bidez egin ditu Gudari Egunaren inguruko aldarrikapenak. Batetik, nabarmendu du Euskal Herrian "nazio zapalkuntzak eta klase menderakuntzak bere horretan" jarraitzen dutela. Horren aurrean, "langileon interesen araberako estatu propio bat" egituratzea aldarrikatu dute: "Euskal Estatu Sozialista eraikitzea ezinezkoa da estatu kapitalistei lotuta segituz gero".

Azpimarratu dute egungoak "garai ilunak" direla, eta "ortzimuga" ez dela hobea: "Faxismoa langileon eskubideak deuseztatzera, estatuek abiatutako autoritarismoari segida ematera eta prozesu hori azkartzera dator". Gainera, adierazi dute "faxismo espainola eta frantsesa euskararen etsai borrokatuak" direla.

Faxismoari aurre egiteko moduari dagokionez, EHKSk aldarrikatu du aterabidea ez dela "instituzio burgesen" zein egungo gobernuen eskutik etorriko: "PSOE aski ezaguna da eta Macron ez da hobea". Kontrara, "kaleko militantziari eta balio askatzaileetan oinarritutako kulturari" segida emateari garrantzia eman diote: "Egungo baldintzetara eta indar harremanetara egokitutako mugimendu iraultzaile komunista egituratzea". Azkenik, adierazi dute "konpromiso erabatekoa" dutela autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin.


Politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.