Sortuko zuzendaritza talde berria hautatuko dute urtarrilaren 24an, Irungo Ficoban egingo den alderdiaren IV. Kongresuko amaierako ekitaldian. Talde hori gidatzeko, Sortuko Nazio Kontseiluak Xabi Iraola igeldotarra proposatuko du. Kongresuan zehar eztabaidatu den Herri gogoa ponentziak, azken hamabost urteetako bilakaeraz eta egungo egoeraz gogoeta egin eta "askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan eragitea" du helburu.
Sorturen IV. Kongresua urrian aurkeztu zen; hiru hilabeteko prozesuaren ondoren, urtea amaitzearekin Herri gogoa ponentzia onartu dute alderdiko militanteek. Abenduko azken asteburuan ponentziaren inguruko zuzenketak bozkatu zituzten, eta orain, amaierako ekitaldia egingo dute Irungo Ficoban, urtarrilaren 24an. Sortuk bere bide-orria eta zuzendaritza talde berria hautatuko ditu bertan. Talde hori gidatzeko Xabi Iraola proposatu du Nazio Kontseiluak, alderdiko koordinatzaile orokorra gisa.
32 urteko igeldotarra “ziklo politiko berrian hazi eta hezitako" militantea da, Naiz hedabidearen arabera. EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianorekin batera lanean ibilitakoa, Ernai gazte antolakundea sortzeko prozesuan ere parte hartu zuen eta bere zuzendaritzako kide izan zen; 2021etik Sortuko Herrigintzako idazkaria da.
Orain, Arkaitz Rodriguezi erreleboa hartu eta Sortuko koordinatzaile nagusi izateko gertu da. Rodriguezek duela urtebete iragarri zuen kargua utziko zuela, EH Bilduren barnean dituen ardura berrietan aritzeko.
Alderdiaren gidaritzak aurpegiz aldatuko badu ere, Berria-k nabarmendu duenez, zuzendaritza taldean aldaketak ez dira hainbeste izango, Oihana San Vicentek, David Plak, Nuria Altzugaraik, Elena Belokik eta Haimar Altunak talde horretan jarraituko baitute, militanteek Ficoban propoposamena onartuz gero.
Sortuk zabaldutako prentsa oharraren arabera, Herri gogoa ponentziak honakoa biltzen du, besteak beste: azken hamar-hamabost urteotako bilakaeraren balantzea eta egungo egoeraren irakurketa; Sorturen berrezaugarritzea, misioa eta zereginak; antolaketa eta funtzionamendu proposamena. Oinarri horiek eztabaidagai izan dira ehundik gora herri batzarretan, eta 2.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, jakinarazi dutenez.
Aurrerantzean, “askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan eragitea" du helburu Sortuk, "nazio askapen prozesuari ekarpena egiteko asmoz". Zentzu horretan, azaldu du beren gain hartu dutela “eskala handiko nazio bulkada bat” martxan jartzeko ardura. Bestalde, EH Bildu eta EH Bai “are gehiago” indartzeko "apustua" ere berretsi du alderdi independentistak.