Sopelako lauek auziari amaiera eman diote, joko aretoko jabeak akordioa lortuta

  • Igandean jakinarazi du Sopelako 4ekin1 plataformak 2021ean joko-aretoek gazteen osasunean eta herrian zuten eragina salatzeko mobilizazioetan atxilotutako gazteen aurkako auzia itxi dutela. Bi aldeek akordioa lortu dute eta epaiketa bertan behera gelditu da.


2026ko apirilaren 13an - 15:44
Azken eguneraketa: 19:43
Auzia itxi dute Sopelako 4ekin1 plataformaren eta Apustu Etxearen akordioari esker. SOPELAKO4EKIN1.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Igandean agerraldia egin dute Sopelako 4ekin1 plataformako kideek auzia amaitu dela jakinarazteko. Auzia 2021ean hasi zen, Espainiako Poliziak lau sopeloztar atxilotu zituenean. Joko-aretoek gazteen osasunean eta herriko bizikidetzan duten eragina salatzen ari ziren mobilizazio “txiki eta baketsuan” atxilotu zituzten. Herri mugimenduko kideek akordioa egitea “koherentea” izan dela adierazi dute, bestela espetxeratuak izateko arriskua baitzegoen, Hirukak jaso duenez

Prozesua bost urte iraun dituen “amesgaiztoa” izan dela salatu dute. Bi aldiz artxibatua izan den arren, fiskalak aurrera ateratzea erabaki izan du. Ondorioz, lau herritarrak 32 urteko espetxe-zigorra eta 112.400 euroko isuna ordaintzeko arriskuan zebiltzan, militantzia politikoaren izenean. Mugimenduak adierazi duenez, “muntai polizial” bat antolatu zen eta modu “iruzurtian” izan ziren auzipetuak

Elkarretaratzean adierazi dute “pozik egoteko eta ospatzeko arrazoiak soberan” dituztela eta “borrokak dena alda dezakeela” frogatu dutela. Elkartasun “zabal eta indartsuari” esker auziarekin amaitzea lortu dela sinesten dute eta eskertuta azaldu dira bidean lagundu dieten milaka pertsonekin. Azaldu dute, jasotako laguntza ekonomikoaren zati bat antzeko egoerak pairatzen ari dira ondorengo taldeei bideratuko dietela: Berango Elkartasun Komiteari eta Aroztegiko kideei. Horrekin amaiera eman diote plataformari. 


Irakurri gehiago: Apustu etxeen gorakada Gizartea
Apustu etxeen gorakada kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.