argia.eus
INPRIMATU
Soldaten eta pentsioen prekaritatea eta genero arrakala jorratuko dituzte pentsiodunen mugimenduko emakumeen bigarren asanbladan
  • Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen bigarren asanblada egingo dute azaroaren 18an, Gasteizen, “Prekarietaterik ez soldatetan ez pentsioetan” lelopean. Emakume pentsiodunei berariaz eragiten dieten aferen inguruan eztabaidatzeko bidea zabaldu nahi dute. Horretarako, hitzaldiak egingo dituzte eta batzarrean erabakitako manifestua aurkeztuko dute.  

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 03a
Pentsiodunen mugimenduko emakumeen II. Asanblada egingo dute azaroaren 18an

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen II. Asanblada egingo dute Gasteizen azaroaren 18an, hausnarketa partekatuaren eta eztabaidaren bidez prekaritateari aurre egiteko modu berriak bilatzeko helburuz. Soldaten eta pentsioen duintzearen borrokak batuta doazela gogorarazi dute emakume pentsiodunek, eta emakume askok miseria-pentsioak kobratzen dituztela lan baldintza prekarioen ondorioz: “Soldata baxuak edota zaintzaren beharrak eraginda lanpostuak partzialki edo behin betiko utzi beharra, nahi gabe ere”, azaldu dute.

Sektore zaurgarrietan jarri nahi dute begirada bigarren asanblada honetan, eta genero arteko soldata arrakala salatzean. Hori ahalbidetzen du, antolatzaileen ustez, feminizatutako sektoreak aitortu ez eta gutxiesteak. Etxeko langileen egoera azaldu dute, eta datu zehatzak lortzea zaila bada ere, Hego Euskal Herrian sektore hori 34.000 emakume inguruk osatzen dutela aipatu dute. Ez dituzte Gizarte Segurantzaren Erregimeneko eskubide guztiak, eta bertan lan egiten duten atzerritarren irregulartasun egoera nabarmendu dute.

Iazko azaroan egin zuten I. Asanblada Bilbon, eta balio izan zuen bost urtez pentsiodunen mugimenduan aritutako emakumeen papera aitortzeko, baita emakume pentsiodunek berariaz sufritutako kalteak mahai-gaineratzeko ere. 63.000 alargun inguruk 1080 euro baino gutxiago kobratzen dituzte, salatu dutenez. Gainera, pentsiodunen eros-ahalmena %10 murriztu da iaztik hona, inflazioa dela-eta.

Emakume pentsiodunek Gasteizen egingo duten II. Asanblada baliatu nahi dute egoera hori salatu eta eztabaidatik borrokan jarraitzeko indarrak hartzeko. Pentsiodun mugimenduko kideen eta gonbidatutako emakumeen lau hitzaldi egingo dituzte: “Emakumea eta prekarietatea; Alarguntza-Pentsioaren oraina eta geroa; Etxeko langileen eta emakume migratzaileen prekarietatea; eta Prekarietatea lan feminizatuetan eta borroka arrakastatsuak. Azaroaren 18ko goizean izango dira horiek eta ondoren elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean. Batzarrean adostutako manifestua ere aurkeztuko dute.