Martxoaren 17ko Greba Orokorrari atxikimendua eman dio Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. Lanaren banaketa sexuala agerian utzi du: bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lanak sistematikoki gutxiesten direla azpimarratu du eta lan horiek emakumeek egiten dituztela, eta emakume migratuak direla kaltetuenak.
DBE Denon Bizitzak Erdigunean plataformak soldatak Euskal Herrian erabakitzearen alde egin du, “soldatak hobetzeko eta aberastasunaren banaketa justuagoa” egiteko. Prekaritatea genero, klase eta jatorri zapalkuntzari estuki lotuta dagoela nabarmendu du. Bi datu eman ditu: batetik, soldatapeko emakumeen herenak 1.500 euro baino gutxiago kobratzen du, eta bestetik, hori baino gutxiago kobratzen dutenen erdia emakume migratuak dira. Zaintza lanak, bereziki emakumeek eginak,“sistematikoki gutxietsiak” direla salatu du eta emakumeak baldintza kaskarretan lan egitera kondenatuta daudela.
Lanaren banaketa sexuala salatzeaz gain, politika integralak eskatu ditu plataformak, baita “hemen erabakitzeko” aldarria egin ere. Ekonomia bizitzaren zerbitzura jarri ahal izateko burujabetza eskatu du; zaintza sistema publiko eta komunitarioak indartzeko, etxebizitza eskubidea bermatzeko, lan duina ziurtatzeko eta aberastasuna modu justuagoan banatzeko. Merkatuaren logika baztertzea eta bizitza lehenestea aldarrikatu du.
2023an Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunean dinamikan oinarrituta deitutako Greba Feminista Orokorra gogoratu du plataformak eta orduko aldarrikapenak martxoaren 17ko grebara ekarri ditu: zaintzarako eskubiderako sarbidea, soldata duinak, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denbora eta baimenak berrantolatzea.