Israelgo armadak txakurrak entrenatzen ditu preso palestinarrak bortxatzeko, hainbat testigantzak jaso dutenez

  • Preso palestinarren eta kazetarien torturen testigantzak jaso dituzte hainbat erakundek. Salatzen dute soldadu israeldarrek txakurrak erabiltzen dituztela presoei sexu-abusuak egiteko. Are, txakurrak horretarako trebatzen dituztela.


2026ko apirilaren 20an - 11:22
Azken eguneraketa: 15:34
Sde Teiman kartzelako bideo filtratu baten pantaila-argazkia, preso palestinarren bortxaketa dokumentatzen duena. Euro-Mediterranean Human Rights Monitor
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hainbat erakunde, kazetari eta komunikabidek jakinarazi dute, ikerketen eta testigantzen bitartez, Israelek txakurrak erabiltzen dituela preso palestinarren aurkako sexu-abusuak egiteko. Testigantzek frogatzen dute txakurrak horretarako trebatu dituztela soldadu israeldarrek. Herri palestinarraren kontrako genozidioan Israelek gauzatzen dituen giza eskubideen urraketak jasotzen dituzten erakundeek eman dute gertaeren berri, tartean, B 'Selem, Euro-Mediterranean Human Rights Monitor, Palestinian Centre for Human Rights , Council on American-Islamic Relations. Al Jazeera komunikabideak ere 2024ean dagoeneko salatu zuen praktika hori ikerketa batean. Bortxaketa horietako asko Sde Teiman base militarrean egiten dira, palestinarrak atxilotu, torturatu eta erailtzeko erabiltzen duten lekuetako bat.

Hona hemen iturri horietan zabaldu dituzten testigantzak:

1) Nihad (50 urte, Ofer espetxea): Anadolu Agency komunikabideari adierazi zion 2024ko urtarrilaren 14an, egunsentia baino lehen egindako sarekada batean, soldadu israeldarrek polizia-txakur bati agindu ziotela berari sexu-erasoa egiteko: "Nire bizitzako unerik mingarrienak izan ziren". Erasoak zauri fisiko sakonak eta trauma psikologiko luzeak utzi dizkiola adierazi zuen.

2) A.A. (35 urte, Sde Teiman base militarra): Palestinian Centre for Human Rights erakundeari adierazi zion 2024ko martxoan, Al-Shifa ospitalean atxilotua zegoela, soldadu israeldarrek korridore batera eraman eta biluztu zutela, kameretatik aldenduta. Orduan, soldaduek txakurrak askatu zituzten, A.A.-ri pixa egin zioten, eta ondoren txakur batek hiru minutuz bortxatu zuen. Biktimak azpimarratu zuen txakurra "trebatua" zegoela eta "bazekiela zehazki" zertan ari zen.

3) Halim Salem (izengoitia, Zisjordaniako presoa): Middle East Eye hedabideari eman zion bere bizipenen berri. Azaldu zuenez, burua komun barruan sartuta belaunikatu zuten. Orduan, zaindariek txakur bat ekarri zuten, txakurra Salemen gainera igo eta bortxatu egin zuen. Salem oihuka hasi zenean zaindariek jo egin zuten, soldadu israeldarren hitzetan, "txakurra molestatzeagatik".

4) Wajdi (43 urte, Gazako presoa): Euro-Mediterranean Human Rights Monitor erakundeari kontatu zion soldaduek galdeketa egin ziotenean metalezko ohe batera biluzik lotu zutela. Bertan bortxatu zuten, soldadu batek lehenbizi, eta txakur batek ondoren. Adierazi zuenaren arabera, bitartean beste soldadu batzuek filmatu egin zuten, eta iseka egiten zioten.

5) Mohammed Arab (Al Araby TV-ko kazetaria): Sde Teiman zentroan atxilotuta zegoela, bere abokatuari esan zion soldaduak ikusi zituela txakurrak presoak bortxatzera behartzen. "Zakurrei erakusten diete sexu harremanak izaten presoekin. Imajinatzen?", adierazi zuen.

6) 18 urteko Gazako presoa (Sde Teiman zentroa): Palestinian Centre for Human Rights erakundeari eman zion bere lekukotasuna. Dioenez, soldaduek bera eta beste preso batzuk botilekin bortxatzen zituzten bitartean, ohartu zen beraien atzean “txakur bat ere bazegoela, txakurrak bortxatuko bagintu bezala". Muturreko umiliazio psikologiko eta fisikoa eragin zietela adierazi zuen lekukoak.

7) 48 urteko atxilotua (Al-Shifako base militarra): Txakur bat gizon baten genitalei eraso egiten ikusi zuela salatu zuen. Adierazi zuenez, biktima bere besoetan odolusten zen.

8) Kazetariak Babesteko Batzordeak eta Ekialde Hurbileko Begiraleak elkarteek kazetarien dozenaka testigantza bildu dituzte. Salatu dute "txakurren erasoak" jasan zituztela eta atxilo zituzten bitartean tortura sexualak jasan zituztela.

Horrez gain, Shaiel Ben-Ephraim analistak Sde Teimaneko bi zaindariren testigantzak zabaldu ditu bere sare sozialetan. Horietako batek aitortzen du txakurrek egindako sexu abusuak ikusi zituela, eta esan zuen “beldurgarriegia zela horretaz hitz egitea”. Besteak esan zion besteen ahotik jakin zituela praktika horiek, eta egia zela uste zuela.


2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

2026ko apirilaren 13
Irten da Global Sumud Flotilla Bartzelonatik
"Indartsu gaude, helburua argi dugu eta lortzeko asmoz goaz"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.