argia.eus
INPRIMATU
Solasaldien multimedia kanala gogoetarako materiala biltzeko
  • Multimedia kanalean Solasaldien kanala ireki dugula jakinarazi nahi dugu. Bertan hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidak topatuko ditu erabiltzaileak. Gai zehatzen inguruan euskaraz egindako gogoetarako materiala bilduko dugu kanal berri honetan.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 14a
Kontra programaren azken saioa solasaldien kanalean.

 

Elkarlan berri baten albistea ere eman nahi dugu. Kontra eztabaida programarekin adostasunean, hauek euskaraz egiten dituzten debateak bertan biltzen joango gara, beste material askoren artean.

Kontra orain urtebete sortu zen eurek azaltzen dutenez ”egungo komunikabideetan eta hezkuntzan dagoen hutsune bat betetzeko beharrari erantzuna emateko”. Euskal gizartearen intereseko diren gaiekin eztabaidak antolatzen dituze eta Internet bidez emititu. Zai Zoi Bele ekoiztetxe independenteak ekoizten du eta hilero aktualitatearekin lotura duten gaiak jorratzen dituzte. Azken urteotan publikoki eztabaidatu ez duten alderdien ordezkariak aurrez aurre jartzea lortu dutelako nabarmendu da, besteak beste. Nerea Alias aritzen da moderatzaile lanetan.

Solasaldien kanalera pasa dugun material asko orain arte “Ekitaldiak” atalean biltzen joan gara, baina bertan hitzaldi eta halakoez gain, musika kontzertuak, poesia errezitaldiak, eta bestelako ekitaldiak ere bazeuden. Horregatik, erabiltzaileak kanal batera edo bestera jotzeko helburuak ezberdinak izan daitezkeela ulertuta, bereizketa egitea erabaki dugu, materiala topatzea erraztu asmoz.

Kanal berriko hitzaldi gehienak Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatzen dituenak dira, baita TED.com-ek mundu mailako hizlariekin antolatzen dituenak ere, sarean erabiltzaileek itzulitakoak. Sarean topatzen ditugun hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidak ere bertan biltzen joango gara, lekua dutela iruditzen bazaigu.

Kanalean topatuko dituzuen solasaldi batzuk:

Azpiegitura handiak (Eztabaida)

Nafarroa post UPN. Noiz, nola, norekin? (Mahai-ingurua)

Bikoizketa vs. Azpitituluak (Eztabaida)

Emakumea eta kartzela (Mahai-ingurua)

Indarkeria sexistari buruzko foro herritarra (Mahai-ingurua)

Erlijioa, Jainkoa eta Fedea Euskal Herrian (Eztabaida)

Euskararen jatorria, zalantza artean igerian (Hitzaldia)

Ipar Euskal Herria. Zer, nola, noiz. (Eztabaida)

Euskararen kontrako diskurtsoa neutralizatzeaz (Hitzaldia)

Norvegiako Atzerri ministroa “Elkarrizketaren defentsan” (Hitzaldia)

Mundua aldatu duten argazkiak (Hitzaldia)