2026ko abuztuaren 17an - 12:30
Azken eguneraketa: 17:21
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Grigory Sokolov (pianoa).
Egitaraua: Beethoven eta Schuberten obrak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 13a.

--------------------------------------

Grigory Sokolovi buruz hitz egitea, pianoaren perfekzioari buruz hitz egitea da. Eta ez soilik perfekzio hori non garbitasuna, soinu perfektua, adierazkortasuna, pedalizazioa menderatzea eta abar esan nahi duen. Perfekzioaz ari naiz ideia eta kontzeptuen transmisioaren zentzuan. Sokolovek in mente dauka ideia konkretu bat entzuleei transmititzeko obra bat interpretatzen duenean. Eta jakina lortzen duela.

Donostiako Musika Hamabostaldian eskaini zuen errezitaldia ez zen izan entzuleak gozarazteko obra eder sorta bat. Sokolovek konpositore bakoitzaren mundu partikularrean murgilarazi gintuen, garai batera eraman, eta beste artista batzuen eskuetan entzuten ez diren ñabardurak eta testurak transmititu. Kasu honetan, bere gordintasun osoan benetan konplexuak diren bi konpositoreen nortasunak aurkeztu zizkigun, Beethoven eta Shubert. Bi konpositore horiek ez zituzten "orrialde politak" idazten, baizik eta barne-borroka latzak islatzen zituzten haien idatzietan. Eta Sokolovek badaki hori transmititzen. Inork baino hobeto.

Beethovenen bi obra

Beethovenek 26 urte zituenean konposatu zuen bere mi bemol maiorreko 4. Sonata, op. 7 preziatua. 17 urteko piano ikasle gazte bati eskaini zion obra, Anna Luisa Barbara von Keglevichi. Antza, harekin maiteminduta zegoen. Bere lehenetariko obra izan arren, Beethovenen ondorengo mundu oinazetua nabaritu daiteke. Mozart gogorarazten du, eta itxurazko sinpletasuna du. Ñabardura guzti horiek azaldu zituen Sokolovek.

Sei Bagatelak op. 126 dira Beethovenek konposatu zuen azken obra, bere piano-testamentua. Une hartan gaixorik zegoen, bakarrik, mundutik isolatuta, eta bagatelaren formatu txikian konposizio-askatasunerako espazio bat aurkitu zuen, introspekzio espiritualekoa eta modernitate musikalekoa ere bai, erromantizismotik oso hurbil. Sakontasun handiko piezak dira, eta Sokolovek esentzia hori guztia ateratzen jakin zuen. Beethoven jarri zigun aurrean bere bizitzaren azken txanpan, bere gordintasun guztiarekin.

Biribiltzeko, Shubert

Errezitaldiaren bigarren zatian, Sokolovek Schuberten azken sonata eskaini zigun, hil baino aste batzuk lehenago konposatutakoa. Bere bizitzako azken une horietan konpositoreak izan zuen emozio-uholdea erakusten duen obra da: oinazea, nostalgia eta lasaitasuna. Lan horretan, bakarlariak sustrai hori guztia bilatu zuen, eta sakontasun hori eskaini zien benetan liluratuta zeuden entzuleei.

Eta ohi bezala, pianistak sei bis oparitu zituen. Eta ez zen edozer izan. Brahmsen hiru pieza: op.10-eko 1. eta 3. baladak eta op. 79-ko 2. rapsodia; Chopinen bi pieza: mazurka bat eta preludio bat; eta Scriabinen beste pieza bat. Guztiak errezitaldi osoan zehar oparitu zigun goxotasunarekin interpretatuak.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...