Sokamuturraren aurkako manifestazioa egingo dute Algortako Portu Zaharreko jaietan

  • Sokamuturraren aurkako aldarria Portu Zaharreko jaietara itzuliko da aurten ere. Sokamuturra Ez elkarteak manifestaziora deitu du abuztuaren 14rako, 10:30ean, Getxoko Portu Zaharrean, "Sokamuturra? Ez, eskerrik asko" lelopean. Mobilizazioaren bidez, jaietan egiten den sokamuturra bertan behera uztea eskatuko dute.

Manifestazioa ostiralean izango da, 10:30ean, Portu Zaharrean.

2026ko abuztuaren 13an - 11:43
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Portu Zaharreko jaiak abuztuaren 12tik 15era ospatuko dituzte aurten, eta sokamuturra da azken urteotan eztabaida gehien sortu duen jardueretako bat. Elkarteak ekitaldiak animaliei estresa eta sufrimendua eragiten diela salatu du behin baino gehiagotan, eta haren ordez animaliarik erabiltzen ez duten jai-jarduerak antolatzea defendatzen du. 

Eztabaida Udalbatzara ere iritsi da

Aurtengo mobilizazioa ez da aldarrikapen isolatua. Izan ere, joan den apirilean Getxoko Udalbatzak "Animaliarik gabeko jaien alde" herri-ekimena eztabaidatu zuen. Proposamena 1.125 herritarren sinadurakaz aurkeztu zuten, eta sokamuturra zein animaliak erabiltzen dituzten bestelako jai-jarduerak kentzea eskatzen zuen, baita horiek diru publikoagaz ez finantzatzea ere. Udalbatzak, ordea, ekimena atzera bota zuen. 

Sokamuturra Ez-ek ordutik bere aldarrikapenari eutsi dio. Plataformaren arabera, gero eta herritar gehiagok egiten dute animalien sufrimendurik gabeko jai-eredu baten alde, eta udal taldeakaz elkarrizketan jarraitzeko asmoa ere azaldu du. 

Gainera, iaz ere protesta egin zuten Portu Zaharreko jaietan. 2025eko abuztuan egindako mobilizazioan sokamuturra eta jaietako gainerako animalia-ikuskizunak kentzea eskatu zuten; orduan, kolektiboak 10.000 sinadura inguru bilduak zituela jakinarazi zuen. 

Aurten, beraz, aldarrikapena berriro eramango dute jaietara: abuztuaren 14an, 10:30ean, Portu Zaharrean.


Animalien eskubideak kanalean gehiago
2025eko abenduaren 10
Itsuan

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...