Soinu leherketa agur gisa


2026ko irailaren 1ean - 11:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa
Zuzendaria: Riccardo Chailly. Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: Óscar Rodríguez.
Bakarlaria: Julia Hagen (biolontxeloa).
Egitaraua: Dvorak, Verdi eta Txaikovskyren lanak.
Non: Kursaal Auditorioa.
Noiz: abuztuaren 29a eta 30a.

--------------------

Musika Hamabostaldiak aurtengo edizioaren agur distiratsu eta indartsua nahi bazuen, benetan lortu du.

Milango Scalako Orkestra Filarmonikoak eskainitako bi kontzertuak, Riccardo Chailly buru zutela, publikoz gainezka egon ziren. Ikusmin handia zegoen. Eta ia déjà vu bat zen; izan ere, azken aldiz Hamabostaldian aritu zen, duela bi urte, edizioari amaiera emanez, eta baita Txaikovskyren sinfonia batekin ere; bosgarrena, hain zuzen. Emanaldi hura bikaina izan zen, eta ez genuen maila txikiagoa espero. Bada, edizio amaiera honetan, non orkestra honen laugarren parte-hartzea den gure jaialdian, ez zuten huts egin.

Esan beharra dago Milango Scalaren Filarmonika ez dela filigranaren orkestra, xehetasun delikatuarena, baina ez du behar ere. Soinu oparo, handi, distiratsuaren orkestra da. Luxuzko antzoki baten fosotik luxuzko sonoritatea eskaintzen du orkestrak. Eta benetan plazera da horrelako zerbait entzutea. Beste finezia mota batzuetarako beste orkestra mota batzuk baditugu.

Premisa horretatik abiatuta, talde honek eskainitako bi kontzertuak sonoritatearen oda izan ziren. Lehenengo egunean Antonin Dvorak bohemiarraren bi obra entzun genituen. Lehenengoa Txelo eta orkestrarako Kontzertua, Si minorrean op. 104 lana izan zen, non protagonista Julia Hagen txelo-jotzaile austriarra izan zen. Bakarlariak bere adinaren (31 urte) araberako bertsioa eskaini zuen. Eta ez gaizki ulertu, ez dut esan nahi bere bertsioa heldugabea zenik, baizik eta benetan freskoa, arina, baina adierazkortasun handikoa. Bere interpretazioa oso bizia eta komunikatiboa izan zen. Entzuleak liluratu zituen, baita eskaini zuen bisarekin ere: Gaspar Cassadóren Biolontxelo bakarrerako Suitearen bi mugimendu, freskotasun eta naturaltasun alardea.

Bigarren zatian, milandarrek Mundu Berriko Sinfonia-ren bertsio bikaina eskaini zuten, konpositore beraren 9. Sinfonia, mi minorrean, op. 95.

Hemen orkestra-familia ezberdinen luzimendua erabatekoa izan zen. Soka eder batek eta metal sorgingarriek soinu eta ehunduren eztanda bihurtu zuten sinfonia. Bigarren mugimendua, Largo ospetsua, gustatu zitzaidan bereziki. Chaillyk ohi baino ikuspegi arinagoa eta etereoagoa eman zigun mugimendu honetaz.

Jasotako txalo handien ordain gisa, propina bat eskaini zuten: Gizonen Dantza, Rachmaninoven Aleko operakoa, kemen eta soinu-ponpaz betea

Bigarren egunean, orkestraren eta Hamabostaldiaren agur-egunean, plater sendoak izan ziren. Hasteko, orkestra honen espezialitate bat entzun genuen, Verdiren La forza del destino operaren Obertura, Riccardo Chaillyk mimoz zuzendu zuen partitura eder bat.

Verdirekin jarraitu zuten, baina oraingoan Lau pieza sakratuak lanaren bi pieza interpretatu zituzten, konpositore honen azken obra koral eta erlijiosoak. Agian hemen bai faltan sumatu genuen pieza hauek duten emozioa, Chaillyren bertsioa opaku samar geratu baitzen. Stabat Mater eta Te deum xehetasunez eta efektu tinbriko delikatuz betetako piezak dira. Orkestrak bertsio lau samarra eman zuen, baina edertasunez betea. Donostiako Orfeoia ondo trinkotuta egon zen, dotore fraseatu zuen eta uneren batean estridentzi txikiak agertu arren, patina dotorea eman zien pieza hauei.

Eta festa amaiera Txaikovskyren 4, Sinfonia fa minorrean op. 36 izan zen. Espero genuen bezala, Riccardo Chaillyk eta bere orkestra obra honen bertsio teatrala eskaini zuten. Perkusioaren aktuazioa zoragarria izan zen, batez ere Finalean. Pizzicato ostinato ere azpimarratuko nuke, hain ongi burutua. Distira borborka edizio dotore eta arrisku gutxiko honi amaiera emateko.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...