Sindikatu guztiek Osakidetzako mahai sektoriala utzi dute, medikuen sindikatuak izan ezik

  • Eusko Jaurlaritzak akordio proposamen bat aurkeztuko du mahai sektorialean. Besteak beste, hilero jasotako dirua 300 euro gehiago izatea eta guardiak banatu eta librantza egunak areagotzea ekarriko luke akordioak. Ordea, medikuen sindikatua izan ezik, gainerako sindikatuek akordioa gaitzetsi dute. Salatu dute akordioa "interes ekonomikoetan" oinarritzen dela, eta, onartuz gero, "mailakatu" egingo lituzkeela langileak.


2026ko uztailaren 20an - 11:00
Azken eguneraketa: 16:11
Sindikatuen artxiboko agerraldi bat, osasun publikoko langileen baldintzak hobetzeko eskatzeko. ORAIN
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sindikatuak kritiko agertu dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mahai sektorialean Osakidetzako medikuei aurkeztuko dien akordio proposamenarekin. Proposamenak, besteak beste, guardia lanaldiak banatu eta soldatak igotzea dakar, baina sindikatuek salatu dute "soilik medikuen egoera" baloratu duela Jaurlaritzak eta alde batera utzi dituela osasun arloko gainerako sektoreak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin egindako bileren ostean dator akordio proposamena. Osakidetzako medikuak otsailetik daude greban, eta ekainean Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek iragarri zuten irailean greba mugagabea hasiko dutela, Espainiako medikuen greba batzordearen grebarako deialdiarekin bat eginez. Estatutu propioa eskatzen dute, osasun publikoko langileen estatututik at egongo dena, zeinak gutxieneko lan baldintzak zehazten dituen. Izan ere, uste dute horrek ez dituela aintzat hartzen medikuen prestakuntza luzea, lana eta ardura. 

Gainerako sindikatuak ez daude ados

Medikuen Sindikatuak ontzat jo badu ere proposamena, beste sindikatu guztiek akordioa gaitzetsi dute eta mahai sektoriala utzi dute, salatuta Jaurlaritzak medikuen egoera bakarrik hartu duela kontuan.

UGT sindikatuak salatu du proposamenak "medikuen ezkutuko estatutua" onartzea ekar dezakeela. Sindikatuaren arabera, akordioa "sekretupean" egin da, mahai sektoriala alde batera utzita. Gaineratu du akordioak "lehen mailako eta bigarren mailako baldintzak" ezarri nahi dituela sistema publikoaren barruan. 

Ildo beretik hartu dute auzia gainerako sindikatuek ere. LABek salatu du akordioak medikuak soilik hartzen dituela aintzat: "Medikuen lan antolaketa ez da aparteko araubide batean mantendu behar; aitzitik, Osakidetzako gainerako langileen lan baldintzetara hurbildu behar da, salbuespenak eta mediku batzuen pribilegioak gaindituz". Salatu du Eusko Jaurlaritzak "deslegitimatu" egin duela mahai sektoriala, gainerako sindikatuen iritzia ez duelako kontuan hartu. Horregatik, iragarri dute udazkenean mobilizazioak egingo dituztela. 

SATSE erizainen sindikatuak Osasun Sailari leporatu dio akordioa, "ia osorik", medikuei bakarrik zuzendutako "neurri ekonomikoetan" oinarritzen dela. ELAk ere salatu du akordioaren oinarrian interes ekonomikoak daudela, eta aurreratu du neurriek ez dituztela lan baldintza "prekarioak" hobetuko: "Guardia kopurua murriztu arren aparteko orduen bidez lan bera egiten jarraitzera bultzatzen du".

ESK sindikatuak ere bide beretik jo du. Nabarmendu du Jaurlaritzaren eta SMEren akordioak "interes partikularrak lehenesten" dituela, eta bide horretatik joanez gero, langileak "mailakatu" egingo dituztela. 

Proposamenaren nondik norakoak

Medikuen Sindikatuak "positibotzat" jo du proposamena, nahiz eta zehaztu duen ez duela eskatutakoaren "ehuneko ehun" betetzen. Sindikatuaren ustez, lan baldintzak hobetuko dituzten "berehalako neurriak" dira, beti ere, "atsedenaldiei, guardien nekagarritasuna aitortzeari, bateragarritasunari eta asistentzia-maila desberdinen parekatzeari" dagokienez. Honako hauek dira Osasun Sailak Osakidetzako medikuei aurkeztuko dien akordio posiblearen puntuak, besteak beste:

  • Egun libreak bermatzea, izan aurrez aurreko guardietan izan 22:00etatik aurrerako gaueko txandetan. Orain arte Osakidetzak atsedenaldia eman behar zuen, baina errekuperatzea eska zezakeen.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetako librantzak guardia egin eta hurrengo 25 egunetan hartzeko aukera edukitzea.
  • Urtean 48 guardia edo gehiago eginez gero, egun bateko librantza eskatzeko aukera; eta hirurogei guardia edo gehiago eginez gero, bi eguneko librantza.
  • Guardien orduko prezioetan %38ko igoera progresiboa ezartzea 2028ra arte.
  • Aste barruko guardia eguneko goizean lanik ez egiteko aukera izatea, eta lanaldi arrunt hori arratsaldez errekuperatzea. Are, asteburuetako guardiak hamabi orduko bi "erdi-guardietan" banatzeko aukera izatea. 
  • Guardia egiteari uko egiteko adina 50 urtera jaistea. Gaur egun 55 urte izan behar ditu mediku batek guardiari uko egiteko. Dena den, puntu hori progresiboa izango da eta 2030ean sartuko da indarrean.
  • Soldatari dagokionez, Osakidetzako mediku guztiek hilean 300 euroko soldata igoera izatea: 150 euro datorren urteko uztailetik aurrera, eta beste erdia 2028ko uztailetik aurrera. 
  • Aparteko orduak egiteagatik jasotako diru kopurua handitzea. Helburua lehen mailako arretako medikuek eta ospitaleetakoek jasotzen duten diru kopurua parekatzea da; lau orduko modulu bat ezarriko da, 328 eurotan, ospitaleko kontsulta moduluetan gertatzen den bezala.

 


Osakidetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...