Damasko eta Rojavako kurduen arteko akordioak jaso ditu, besteak beste, erabateko su-etena, SDF Siriako Indar Demokratikoko milizianoak Siriako armadan sartzea eta, horren ildotik, kurduen administrazio autonomoa Siriako Estatuko instituzioetan integratzea. Hala, Damaskok ipar-ekialdeko lurraldeen eta hango baliabideen gaineko kontrola berreskuratuko luke, gerrak iraun duen bitartean nagusiki kurduen esku izan direnak.
Akordioa iritsi da SDF miliziak galdu ostean Rojavako (ofizialki Siriako Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoa) gune batzuk, Siriako Gobernu islamistak egindako erasoetan. Duela hilabete inguru abiatu zuen Alepoko kurduen kontrako sarraskia gobernuak, Turkiaren laguntzaz eta Europaren babesarekin, ehunka hildako eta desagertu eraginda. Aitor Aspuruk ARGIAn zioenez, "sarraski hori Siriako gerraren fase berri baten hitzaurrea baino ez da izan, orain Siriako presidente al-Golaniren indar salafistak eta Turkiako armadak Eufrates ibaiaren mendebaldea erasotzeari ekin baitio, beste garbiketa etniko baten beldurra piztuz herri kurduan".
"Beldurra". Akordioaz mintzo diren albiste eta analisi askok aipatu du gauza bera. Urtarrilaren 24an hamabost egunetarako su-etena sinatu zuten bi aldeek –AEBen sostenguarekin–, eta agiri bateratua publikatu dute urtarrilaren 30ean. Akordioak hainbat puntu jaso du, besteak beste: erabateko su-etena; Siriako Estatuko indar militarrak gatazka eremuetatik erretiratzea; Siriako Barne Ministerioaren segurtasun indarrak al-Hasakah eta Qamishli hirietara sartzea –gehiengo kurdua dute–, lekuko segurtasun indarrak integratzeko prozesua hastea helburu; eta Siriako armadaren parte izango diren lau brigada osatzea, SDFko indarrentzat hiru, eta Kobanen arituko den laugarrena. Bigarren fasean, Rojavako instituzioak Siriakoetan integratzen hasiko dira, langile zibilak euren postuetan mantenduta.
Kurduen eskubideen ingurukoak ere jaso ditu akordioak. Giza- eta hezkuntza-eskubideak bermatuko dira, eta milaka desplazatu beren eremuetara itzuli ahal izango dira. Halaber, petrolio-putzu eta aireportuak, beste hainbat azpiegiturarekin batera, gobernuaren eskuetara pasako dira. Akordioaren helburua da, agirian jasoa dagoenez, siriar lurraldea bateratzea, zuzenbide estatua betearaztea eta kurduen lurraldea erabat integratzea, aldeen arteko elkarlana bultzatu eta herrialdea eraikitzeko indarrak batuta.