“Sionisten biolentziak erakusten du zerbait ondo egin dugula, hortaz, ekintza zuzena bultzatzen jarraitu behar dugu”

  • Israelgo armadaren eskuetan lau egunez bahituta egon eta gero, eta Loiuko aireportuan Ertzaintzak kolpatu eta atxilotu osteko egunean erantzun ditu ARGIAren galderak José Javier Oses Carrasco Jotas Global Sumud Flotillako ekintzaileak. Flotillako euskal delegazioko kideak nekatuta eta minduta baina baikor daudela dio. Apirilean flotilla abiatu zenetik bizitakoak aletu dizkigu, eta Palestinaren aldeko borroka elikatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Ertzaintza flotillako ekintzaile eta senideen aurka oldartu zenean, Israelgo espetxeko irudia errepikatu zuten bertaratutakoek. Global Sumud Euskal Herria

2026ko maiatzaren 25ean - 00:57
Azken eguneraketa: 10:18
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lehenik eta behin, zer moduz zaudete oro har bahitutako euskal herritarrak, fisikoki eta psikologikoki?

Fisikoki nekatuta eta minduta gaude, baina psikologikoki oso indartsu, uste dugulako flotillak ekarpen garrantzitsua egin duela berriz ere Palestinan fokua jartzeko, berriz ere Palestinari buruz hitz egin dadin.

Apirilaren 12an irten zen flotilla Bartzelonatik, 29an egin zuen lehen erasoa Israelgo armadak. Nola joan ziren eraso aurreko aste horiek? Espero zenuten erasoa Gazatik hain urrun?

Aurreko aste horiek egokitzapen egunak izan ziren. Ekintza honek duena da bidean konpondu behar dituzula arazo asko, auzolanean eta irudimen askorekin, dena ongi joan dadin, eta ekintza aurrera joan ahala gero eta hobeto antolatzeko.

Esan beharra dago inork ez zuela espero tankerako erasorik justu Europako atarian. Baina horrek oso garbi erakutsi zuen zer nolako konplizitatea dagoen Europaren eta sionisten artean. Hitz ponposoetatik harago, Greziako erasoak erakusten digu lankidetzan ari direla.

Apirilaren 29ko erasoan 180 ekintzaile bahitu zituzten, tartean sei euskal herritar. Lekukotasunak gogorrak izan ziren, Saif Abukeshek eta Thiago Ávila Israelera eraman zituzten... eta hala ere flotillak jarraitzea erabaki zuen. Erraza izan zen erabakia hartzea?

Oso erraza izan zen, oso garbi genuen aurrera jo behar genuela. Kolpe latza izan zen txalupa asko ere galdu genituelako, baina berregokitzeko gaitasuna izan genuen. Besteak beste, sionistek txikitutako txalupa bat berreskuratu genuen, konpondu eta itsasora.

Euskal delegazioaren kasuan, berregituraketa horren ondorioz kide batzuk Euskal Herrira bueltatu ziren lurreko taldearekin bat egitera, eta beste batzuk itsasoan geratu ginen misioari jarraipena emateko.

Maiatzaren 18an eraso berria, eta oldarkorrago. Kanpotik ikusita ematen du Israelek koxka bat igo zuela errepresioa, besteak beste itsasontzien aurka tiro eginez eta bahitu guztiak Israelera eramanez. Nola izan da tratua bahiketa egunetik askatu bitartean? Salaketa oso larriak egin ditu flotillak.

Bai, koxka bat igo dute flotillako aktibista eta militanteen determinazioa higatu nahian, baina ez dute lortu. Kaputxadun psikopata haien eskuetan egon ginen lau egun horietan jaso izan ditugu kolpeak, mehatxuak, eraso sexualak, taser pistolekin deskargak, loa galaraztea, armekin kolpeak eta mehatxuak bihotzera apuntatzen, edo burura laserrekin. Baina hori ez da ezer berria. Disidentzia politikoan arituta horrelakoak jasan izan ditugu, eta jasaten jarraituko dugu.

Gainera, Loiuko gertakariek oso garbi agertu dute zer nolako konplizitatea dagoen errepresioaren erabileran sionisten eta gainontzeko estatu kapitalisten artean. Gure kasuan zipaioek harreman zuzena dute, teknologia eta formakuntza konpartitzen dute sionistekin.

Eta larunbatean, Loiura heltzean, Ertzaintzaren oldarraldia. Lau atxilotu, tartean zu, eta berriz ere ospitaletik pasa zinen artatua izatera. Aske utzi zaituztete baina inputazio larriekin [Segurtasun Sailak jakinarazi du desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen diela atzilotuei]. Nola ulertzen duzu gertatutakoa?

Komisariatik irtetean adierazi nuen moduan,h errira bueltatzean beste kaputxadun psikopata batzuekin topatu gara. Baina ez zeuden gure zain pertsona gisa. Flotillak ordezkatzen duenari herritarrek egin zioten ongi etorria zapuztu nahi zuten, eta flotillak ordezkatzen duena da elkartasuna Palestinako herriarekin. Elkartasun hori oso arriskutsua da haientzat, beren negozio zikinak arriskuan jartzen ditu.

Israelgo Defentsa ministroak berak zabaldu zituen tratu txar eta umiliazio irudiak. Askoren hausnarketa izan da: zuri europarrei hori egiten badiete, eta harro azaldu, zer ez diete egingo palestinarrei.

Gure artean esaten genuen bezala, lau egun soilik egon ginen haien eskuetan, joan-etorriko txartelekin sartu gintuzten kontzentrazio esparru itxura eman zioten itsasontzi hartara. Aldiz, atzean utzi ditugun 10.000 palestinarrak joaneko txartela dute soilik, etengabeko torturapean bizi dira, heriotza zigorra ere ezarri ahal diete!

Zuetako hiru gose greban jarri zineten bahituak izatean, eta Karim egarri greban ere. Ondoriorik pairatu duzue?

Ez, egun gutxi izan dira eta ez dugu ondoriorik sufritu. Dena dena, esan beharra dago itsasontzian ur oso gutxi banatu zutela, eta jateko ogia soilik. Portuan eta ondoren ez ziguten banatu jatekorik ez edatekorik, eta ziegetatik irteten zen ura marroia zen.

Oro har, ze balorazio egiten duzue azken flotilla honen inguruan?

Balorazio positiboa egiten dugu, lehen esan bezala uste dugulako flotillak ekarpena egin duela fokua Palestinan mantendu dezagun. Sionisten biolentziak erakusten du zerbait ondo egin dugula, ez daudela eroso, hortaz, ekintza zuzena bultzatzen jarraitu behar dugu.

Eta hemendik aurrera, zer?

Orain, nazioartetik jaso dugun eskarmentua eta elkarlana gurera ekartzea dagokigu. Zentzu horretan euskal delegazioan zorte handia izan dugu, handia eta zabala izan delako. Behingoz Monty Python-en gidoia jarraitzeari utzi diogu eta ekintza batek batu gaitu. Eredu hori ekarri nahi dugu gure herrira, sionismoari aurre egiteko, sionismoa ito arte.

Zero kilometroa eta bidezko merkataritza oinarria izanik sionismoarekin harreman oro eten behar dugu. Horretarako ezinbestekoa izango da sionismoarekin lan egiten duten eta gerra inperialistetatik etekina ateratzen duten euskal enpresariak gure herritik botatzea ere. Haien negozio kriminalek ez dute tokirik gure herrian, eta hori oso-oso garbi adierazi behar dugu. Kriminal errespetagarri horiek izen-abizenak dituzte, gure herri eta auzoetan bizi dira, eta hortaz aukera daukagu mezu hau zuzenean adierazteko.


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...