Sinpletasunean, hunkidura


2026ko irailaren 19an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zinemaldiko lehen eguneko arratsaldeko saioan, euskal zinema ikusi dut: Inurri itsuak, Igor Legarreta zuzendariaren luzemetraia. Izenburu bereko (Las ciegas hormigas) liburuan oinarrituta, Algortako (Getxo, Bizkaia) familia baten istorioa kontatzen du, labe garaien aldian kokatuta. Erauntsi izugarriak kostara ekarrita, ikatza daraman garraio-ontzi erraldoi bat haitzetan harrapatuta geratu da, bertatik atera ezinik, eta merkantzia itsasora erorita. Neguak hotzak dira; ikatzik ez duenarentzat, are gehiago, eta herritarrek istripua aprobetxatzea erabaki dute, horretan bizitza galtzeko arriskua badute ere.

Ekaitz bortitz amaigabeak ez die arnasa hartzen utzi ez pertsonaiei, ezta publikoari ere: berez egoera itogarria dena are estugarriago eta injustuago bihurtu da. Euri makinen azpian lan egitea gogor askoa da, pelikula osteko solasaldian Urko Olazabal aktoreak esan duen bezala, baina nolako eragina duen eszenografian, ene! Benetan merezi al dute hau guztia herritar xumeek? Ba, ez, noski, baina zeini galdetzen diozun: ikatzaren jabeari ez zaizkio inurriak axola.

Filmak gidoi sinplea du, baina ez konnotazio txarra hartu horri. Sinpletasunari esker era oso efektiboan iritsarazten dizkigu transmititu nahi dituen mezuak. Zuzendariak berak esan du biziraupenaren inguruko lana dela; lur planetan, batzuek bizi eta besteek biziraun egin behar, eta biziraun behar duenak ere, bere erara eta bere mailan. Gizarteko botere egituren desoreka, batetik, eta bestetik, “ordena” mantentzen duten azpiko egitura ankerrak dira filmaren gai nagusiak.

Baina, hor dago, aldi berean, zaintza. Sabas aitak (Urko Olazabal) eta Josefa amak (Itziar Ituño) bakoitzak bere erara gorpuzten dute familia babesteko modua. Argi eta garbi ikusten dira genero rolek nola moldatzen dituzten bien jokabideak eta nola ulertzen duen bakoitzak familia zaintzea zer den. Sabasen pertsonaia hotz eta ustez sentikortasunik gabeak eragina izango du semeengan, berak onena egiten ari dela uste badu ere. Azken eszenak oso dotore biribildu du filma, eta erakusten du baserriko familia bateko aitak lanarekiko eta bizirautearekiko duen jarrera.

Aktoreen interpretazio paregabeek, eszenografia itogarriak eta gidoi eraginkorrak ikusle asko hunkitu dituzte; solasaldian, publikoaren parte hartzean, oso argi geratu da hori. Zineman ikusteko aukera baduzue, ez egin dudarik.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.