“Sinetsi nahi dut instituzioak ari direla konturatzen zeinen inportanteak diren ikus-entzunezkoak”

  • Datorren ostegunean eta ostiralean, EHUren Uda Ikastaroetan, euskal zinemagintzaren osasunaz eta bilakaeraz gogoetatuko dute Donostian, Miramar Jauregian. Hauxe izango du izenburu ikastaroak: Aupa Etxebestetik Maspalomasera. Euskal zinemak 20 urte. Jardunaldi akademikoak izango dira, hainbat ikerlan ipiniko baitira mahai gainean, baina topaketa izaera ere hartuko dute, besteak beste, aktoreen eta ekoizleen mahai inguru banarekin. Bi dira ikastaroaren zuzendariak: Samara Velte eta Josu Martinez. Azken horrekin mintzatu da ARGIA, jardunaldietara hurbilpen bat egiteko.

Dani Blanco / ARGIA (CC BY-SA)
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko ekainaren 15ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aupa Etxebeste-tik Maspalomas-era, hogei urte: 2005-2025. Zer gertatu da bitarte horretan?

Euskal zinema sortu dela esango nuke. Duela urte gutxi idatzi nuen Irudiz eta euskaraz (UEU, 2022) liburua, euskal zinemaren historia aztertzen zuena, baina gutxi gorabehera 2005era artekoa bildu nuen. Eta liburuaren amaieran aipatzen nuen euskal zinema sortu zela garai horretan. Zeren, euskal zinema ulertuta praktika kultur gisa, jarraikortasunez egina den zinematografia baten moduan, 2005ean sortu zela diogu guk [jardunaldiaren antolatzaileok, Samara Veltek eta Josu Martinezek]. Lehenago ere egin izan dira pelikulak euskaraz, baina kasu askotan izan dira herri ekimenetik eginak, edo industriaren ertzetan arituak; eta industriaren barnean izan denean, beti izan dira salbuespenak. 2005ean Aupa Etxebeste estreinatu zen, eta hortik aurrera, zorionez, hainbat faktorerengatik, urtero badago produkzio jarraitu bat.

Jardunaldiok liburu bat eta bertako ikerlana dute jatorrian.

Hori da. Samara Veltek eta biok liburu bat muntatu dugu, Euskal zinemak 20 urte. Hasiera bat izenekoa. Euskal zinemaren lehen hogei urte horien argazki bat egin nahi izan dugu, betiere zinema harremanean jarrita gizartearekin eta euskal kulturarekin. Aste honetan liburua eskuetan izatea zen helburua, baina azkenean irailerako egongo da.

Zein da ikastaroen xedea?

Topaketa bat izatea nahi dugu. Ikasleak-eta egongo dira beharbada, eta nahi dugu sektoreko jendearentzat elkargune bat izatea, elkarrekin mintzatzeko eta eztabaidatzeko, eta liburuaren karietara egin diren ikerketetako batzuk azaleratzeko.

Samarak eta biok analisi zabal bat egin dugu, zentsu eta sailkapen bat, azken hogei urteotan euskaraz egin diren pelikulen ingurukoa. Datu ugari bildu ditugu. Eta argazki bat atera zaigu hortik, pista batzuk ematen dizkiguna urteotan nortzuek egin dituzten euskarazko filmak, nor dauden atzean, nork finantzatzen dituen, eta nola egin diren, gutxi gorabehera. Interesgarria izango da datu horien gainean analisia egitea, zinema ere badelako sorburu duen gizarteari buruz hitz egiteko modu bat, harreman estua duelako gizartean ematen diren aldaketekin eta tendentziekin. 

"Sorburu duen gizarteari buruz hitz egiteko modu bat ere bada zinema"

Horrez gain, beste hainbat ikerketa lanei ere espazioa emango diogu. Besteak beste, finantzazioaren alorrean egindako azterlanak, banaketarenak, filmak non eta zenbat ikusten diren, euskal zinema kritikaren osasuna zeinden... Ikerketa horietako batzuk ere jorratuko ditugu.

Eta, azkenik, topaketa izaera azpimarratzeko, profesionalen bi mahai inguru egingo ditugu. Lehena hiru aktorerekin: Ramon Agirre, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate izango ditugu gonbidatu. Eta bigarrena ekoizleekin izango da: Ander Barinaga-Rementeria (Irusoin), Miren Berasategi (Lotura Films) eta Katti Pochelu (Gastibeltza).

2005etik 2025era, zuen zenbaketaren arabera, 1.200 film ekoiztu dira. Euskarazkoez ari zarete soilik?

Euskal zinema euskarazko zinematzat hartzen dugu. Eta definizio horretan zalantzarik egin gabe, badago gauza gehiago etorkizunera begira fintzeko. Izan ere, besteak beste, gero eta gehiago dira film eleanitzak. Guk irizpidetzat hartu dugu nagusiki euskaraz izatea. Batzuetan zalantzagarria izan daiteke, jakina, ez baita kontu matematikoa.

Euskal zinema kontzeptuari dagokionez, euskal hori bera zalantzagarria da, baina zalantzagarria da zinema hitza baita ere. Zer da gaur egun zinema? Garai batean zinema zen zeluloidean egiten zena, mende hasierara arte gutxi gorabehera. Eta hori ere bada 2005ean pelikulak euskaraz egiten hastearen faktoreetako bat, zinema digitala. Lehen urte horietan ez ziren Irati filmaren gisako produkzio handi eta landuak egin; baziren gehiago dokumentalak, film laburrak, norberak bere kamerarekin grabatu eta muntatutakoak... Horiek denak zaku berean sartu ditugu, iskin egin nahi izan diogulako profesional/amateur dikotomia horri, gure ustez ez duelako zentzurik horrelako kategoriekin aritzeak. Zeren, zer da pelikula amateur bat izatea? Industriatik kanpora egin dena, diru laguntzarik jaso ez duena? Hala, Oskar Alegriaren pelikulak amateurrak dira? Halako irizpideen arabera, bai. Baina gero Veneziako festibalean estreinatu zuen.

Ikuspegi zabalagoa eman diozue, hortaz.

Argazkia ez da ondo egin, orain arte, euskal zinemari buruz hitz egiten genuenean. Batetik, kasu batzuetan puztu egiten dira zifrak, euskal ekoizpen gisa hartzen direlako espainolez diren Euskal Herriko filmak. Eta, bestetik, kontrara, apaldu egiten da emaitza, baztertu egiten direlako beste errealitate batzuk, beharbada underground-aren bueltan dabiltzan ekoizpenak, edota herri ekimenei lotuta daudenak. 

2005etik 2025era, 1.200 film inguru egin dira euskaraz

Iragan udazkenean lau haizetara zabaldu zen euskal zinema “loraldian” dagoen ideia. Halaxe al dago? Eta horri buruz hitz egingo al duzue jardunaldietan?

Bai, aztertuko dugu, eta liburuan dagoeneko sakon jorratu dugu. Nire iritziz, trufa bat da kontu hori. Mendira joan eta onddo bat aurkitzea mirari bat balitz bezalaxe. Zeren, pixka bat ikertzen hasita, eta memoria eginda, konturatzen zara bi urtean behin-edo errepikatu dela adierazpide hori, film on bat estreinatu den aldiro. Ahaztu egiten zaigu zenbat aldiz esan dugun. Era berean, kontu hau guztia erabat eskizofrenikoa da; izan ere, datorren urtean ez badago ezer, badirudi oso gaizki gaudela.

Eta zer moduz gaude?

Loraldian ez, behintzat. Are, alderantziz da: oso pelikula gutxi egiten dira euskaraz. Zorionez orain gehiago, azken boladan. Ematen du iratzartzen ari dela lehoia, ezta? Ari dira diru pixka bat gehiago jartzen, azken urte gutxian doblatu egin du aurrekontua Eusko Jaurlaritzak... nabaritzen ari da.

Loraldiaren kontua da lantzean behin errepikakorki etortzen den estribillo bat. Errealitatea baino, gehiago da marka publizitario bat, edo pankarta bat, erreklamo bat instituzioetatik sustatua eta komunikabideek erosia. Horri lotuta prestigio auzi bat ere badago, nahiaren eta beharrare arteko zerbait den prestigioa, kanpoan bilatzen duguna. Kanpoan bilatzen dugu loraldia, eta gehienbat Espainian izaten da. Hori guztia ere eztabaidatu nahi genuke jardunaldietan.

Erakunde publikoen sostengua aipatu duzu, baina hauskor izaten segi dezake euskal zinemak, ez badago politika sendorik.

Klabea da hori: hauskortasuna. Egoera bera da hauskorra. Orain oso itxura onean dago, baina hauskortasun horren gainean beti. Tira, ez dakit. Nik sinetsi nahi dut erakunde publikoak emeki-emeki ari direla konturatzen zeinen inportanteak diren ikus-entzunezkoak, eta ari dira egiten berandu eta apal, baina ari dira zerbait egiten, sikiera. Zeren, instituzioentzat hau ez da “aukera on bat” eta kito. Ez, ez daukate beste aukerarik olatura gehitzea baino. Egungo kultur sorkuntzaren zentralitatea ikus-entzunezkoek daukate.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Zinema kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Berriketa gutxi
Tripako minez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...