argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek EAEko hezkuntzan greba deitu dute irailaren 15erako
  • Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetara buelta langileak kontuan hartu gabe eta neurri aski hartu gabe egin duela salatu dute. Ikasgeletara itzulera “ziur eta adostua” exijitzeko xedez egingo da greba, eta hezkuntza sare publikoari zein itunpekoari eragingo lioke.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 03a
Irailaren 15eko grebaren prentsaurrekoa.

Irailaren 7an da hastekoa ikasturtea EAEko ikastetxeetan, eta ikasturteari ekin eta astebetera deitu dute sindikatuek hezkuntzan greba, irailaren 15ean. Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, ikasgeletara itzulera “ziur eta adostua” exijitzeko. Grebak EAEko hezkuntza osoari eragingo lioke, sare publiko zein itunpekoari.

Grebara deitzeko arrazoien artean daude ondoko xedeak: baliabide gehiago eskatzea eta ikasgeletara buelta langileekin adosteko eskakizuna egitea. Izan ere, salatu dute hezkuntza alorreko langileak kontutan hartu gabe prestatu duela Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetara buelta, eta Hezkuntza sailak ez duela sindikatuekin bilerarik ere egin. Horrez gain, itzulerarako hartutako neurriak ahulak direla ere seinalatu dute.

"Sindikatuok behar pedagogikoei erantzungo dion aurrez aurreko ikasturte baten aldekoak gara zalantzarik gabe, bereziki zaurgarriak diren ikasleak babesteko. Hezkuntza gizarterako kohesio tresna bat delako. Argi dago ordea, egoera epidemiologiko kezkagarri batean gaudela, eta horregatik ezinbestekoa da aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatu eta hori posible izateko baliabideak jartzea", adierazi dute.

Greba deialdia egitearekin batera, maiatzean eskoletara itzulera posible baten aurrean abiatu ziren protestei segida emango zaie. Eskakizunen artean leudeke, besteak beste, irakasle eta garbitzaile plantilla handitzea, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua hamarrera mugatzea edota edukiak murriztea ikasleen arreta emozionalari tartea eskaini ahal izateko. Ildo horretan, ratio handienak dituzten ikastetxeei begira mila irakasle gehiago kontratatzeko Jaurlaritzaren iragarpena nahikoa ez dela deritzote sindikatuek, eta baliabide gehiago beharko direla adierazi dute.

Ostiraletik aurrera, mobilizazioak

"Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua" lelopean egingo den greba irailaren 15erako deitu badute ere, ostiraletik aurrera mobilizazioei bide emango diete. Ostiralean hezkuntza zentroetan elkarretaratzeak egingo dira, eta irailaren 10ean Hezkuntza sailaren hiriburuetako ordezkaritzen parean egingo dira mobilizazioak, 18:00etan.