Sinbologiatik harago, zazpiak bat babestu eta indartu behar dugu!


2026ko ekainaren 7an - 08:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Athletic futbol taldeak datorren ikasturtean, 2026-2027an, erabiliko dituen elastikoetan Euskal Herriko mapa eta ikurrina ezartzeak haserre bizia sortu du Nafarroako UPN zuzendaritzaren barruan eta bere inguruan, eta Cristina Ibarrola lehendakariak gutuna bidali dio Espainiako Futbol Federazioko lehendakariari, eskatzeko jar ditzala abian beharrezkoak diren neurriak Athletic-ek ez dezan elastiko hori erabili Espainiako Futbol Ligan. Nafarroako Gobernuko lehendakaria Chivite andreari ere antzeko eskaera egin dio UPNko buruzagiak, alegia, eman ditzala eman beharreko pausoak Athlelic futbol taldeak Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate politikoa, administratiboa eta instituzionala errespeta ditzan. Orain, ikusi egin behar, zertan eta nola bukatzen den alderdi eskuindar horren udaberriko “pataleta” hau. Baina dagoeneko Ibarrola andereak mehatxua bete du eta jarri du salaketa Espainiako Futbol Federazioan. Ez dakit lortuko duen helburua, baina eman du abisua eta horrekin sortu ditu sarean nahiko zarata eta zalaparta.

Esan gabe doa, Euskal Herria zazpi herrialdeek, halaber, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoak, osatutako nazioa da eta horrela izanik, berari dagokion sinbologia erabiltzeak ez luke inongo zalapartarik sortu behar inorengan, alegia, testuinguru horretan, nahi duenak, banaka edo kolektiboki ikurrina eta mapa erabiltzea zilegi dela. Zer egokiago munduaren aurrean kirolaren bitartez zer eta nor garen erakusteko. Baina beste behin, demostratu da herri honen betiko etsaiak ez daudela amore emateko eta bere garaian sortu zuten ikurren auzian antzera, orain ere prest jarraitzen dutela, gizartearen gehiengo handia aurka egon arren, sinbolo-gerla horrekin jarraitzeko. Ez dituzte inoiz onartu Zazpiak Bat kontzeptuaren esanahia eta errealitatea, eta dirudienez, ez dute asmorik ere. Gaixotasun “mentalarekin” jarraitzen dute, ze pena! Eskuindarrak eta espainolak dira.

Horregatik, Athletic futbol taldeak elastikoetan Euskal Herriko mapa eta ikurrina jartzea oso urrats garrantzitsua eta txalotzekoa dela uste dut, eta keinu bat izatetik harago joan beharko lukeen jarrera

Baina uste dut, Euskal Herriaren existentzia eta bere defentsa egokiena egiteko, gure partetik, sinbologiatik harago dagoen beste arazo handi bati heldu beharko geniokeela, alegia, egun pairatzen dugun lurralde zatiketari irtenbide bat bilatzeko helburuarekin. Eta zentzu horretan, pixkanaka bada ere, urratsak ematen hasi, errealitatean eta gure egunerokoan, Euskal Herria zazpi herrialdeek osatutako nazio bat garela demostratzeko eta horrela irudikatzeko. Zeren, bestela, zoritxarrez, gure nahiak egungo errealitatearekin topo egiten duelako.

Horregatik, Athletic futbol taldeak elastikoetan Euskal Herriko mapa eta ikurrina jartzea oso urrats garrantzitsua eta txalotzekoa dela uste dut, eta keinu bat izatetik harago joan beharko lukeen jarrera, besteak beste, testuinguru honetan herri honen nortasuna eta bere idiosinkrasiaren defentsa egiteko aukera ere eman ditzakeelako. Eta testuinguru horretan, beste hainbat eta hainbat euskal talderentzat eta norbanakorentzat ere iparrorratza bihurtu daitekeelako etorkizunean antzeko bidea har dezaten. Zergatik ez! Pozgarria eta onuragarria izango zen.

Beraz, bote azkarrean eta pintzelada gisa, uste dut, marketin eremuan Athletic futbol taldeak hartu duen erabakia, gure partetik, sinbologiatik harago aprobetxatu beharko litzakeela, eta baliatu Zazpiak Bat-en esanahi guztia irizpide hartuta eta horri lotuta, herri honetan dauden hainbat proiektu nazional bultzatzeko, garatzeko eta babesteko.

Espero dut UPNk mapa eta ikurrinaren erabilpenaren inguruan piztu duen suak, guretzat ere zerbaiterako balio izatea.

Gora Euskal Herria! Gora Zazpiak Bat!

Martxel Toledo Garmendia

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...