Silvia Federici:

  • Pentsamendu feminista eta marxista garaikideko teorialari esanguratsuenetakoa da Silvia Federici italiarra. Elkarrizketa mamitsua egin dio Elearazi.org webguneko kolaboratzaile Maria Colera Intxaustik, eta pasarte batzuk ekarri ditugu hona: emakumeen etxeko lanari, abortu eskubideari eta gizonek feminismoari ezikusia egiteari buruzko galdera-erantzunak, hain justu.


2014ko maiatzaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Besteak beste, emakumeen etxeko lanari buruz, komunalismoari buruz eta sorgin-ehizari buruzko ildoak jorratu eta lanak argitaratu ditu azken bi hamarkadetan Silvia Federicik. (Argazkia: Lewanne Jones)

The Caliban and the Witch liburuan esaten duzu emakumeen esplotazioa giltzarria dela pilaketa kapitalistarako; izan ere, emakumeek ekoizten eta erreproduzitzen dute ondasun kapitalista oinarrizkoena: lan-indarra. Esaten duzu emakumeen etxeko lan ordaindu gabeen gainean sortu dela soldatapeko langileen esplotazioa.

Hasteko, esan nahi nuke emakumeen etxeko lanen berdefinizioa eta berrinterpretazioa izan dela 1970eko hamarkadako mugimendu feministaren ekarpen nagusienetako bat. Etxeko lanetarako soldatak eskatzen zituzten sektoreen ekarpena izan zen.

(...)

Pilaketa kapitalistaren prozesurako gakoa dira etxeko lanak; izan ere, etxeko lanak osoki kontuan hartuta, horiexek dira lan-indarra ekoizten dutenak, lan egiteko gaitasuna ekoizten duten lanak. (...) 70eko hamarkadako borrokan gure helburu nagusietako bat zen aldarrikatzea etxeko lanak lana zirela, eta ez hori bakarrik, esplotazio-esparrua ere bazela. Are gehiago, lan horretako esplotazioa soldatapeko gizon langilearen esplotazioa baino sakonagoa zela, gurea ez baita ordaintzen.

(...)

Kapitalismoaren hasiera-hasieratik badago lanaren banaketa sexual bat, ekoizpena eta erreprodukzioa banatzen dituena lana egiten duten subjektuen arabera, horrekin harreman ezberdinak sortuz. Ikuspuntu horretatik abiatuta, sorgin-ehizaren prozesua (bi mende iraun zuena) berrirakurtzen hasi nintzen, funtsezkoa izan baitzen Europan kapitalismoa sustraitzeko. Era berean, emakumeen boteregabetze-prozesu deituko diogun horrek berebiziko eragina izan zuen emakume langilearen irudia birdefinitu eta berreraikitzeko garaian, eta irudi horretan emakumea ez-langiletzat jotzen hasi ziren, hots, kapitalismoaren ikuspegitik baliorik ez duen lana egiten duen pertsonatzat.

Sakonduko zenuke pixka bat kapitalismoa sortu aurretiko eta jatorrizko pilaketaren aurretiko patriarkatuaren eraikuntzan.

Bai, kapitalismoa ez da generoan oinarrituta diskriminatzen duen lehen sistema inondik ere, nahiz eta nire ustez oso garrantzitsua den patriarkatua ez unibertsalizatzea, alegia, ez ondorioztatzea gizarte guztiak patriarkalak izan direla. Izan ere, ikerketa feminista zabaltzen doan heinean deskubritzen ari gara Ameriketan, adibidez, bazirela hainbat herri, emakume eta gizonen arteko harreman parekideagoak zituztenak.

(...)

Argi dago kapitalismoarekin patriarkatua berrezarri eta birsortu zela, edo beste modu batera esateko, harreman patriarkalen eskemaren barruan bertan ere, menderakuntzaren helburua eta arauak aldatu egiten dira testuinguruaren arabera, esplotazio-motaren arabera. Nire interpretazio sinplea hauxe da: gizarte batek giza eskulana esplotatzen badu, esplotazioan eta bereziki eskulanaren esplotazioan oinarrituta badago, orduan gizarte horretan sexu-diskriminazioa egongo da; izan ere, emakumearen gorputzaren jabetza, erreprodukzio-prozesuaren jabetza alegia, funtsezkoa baita esplotazio mota orotarako.

Hala ere, esplotazioa sostengatzen duten harreman zehatzak aldatuz doaz, eta kapitalismoaren baitako oinarrizko harremana soldatarena da, horregatik aipatzen dut nik soldataren patriarkatua, edo, beste modu batera esanda, kapitalismoan soldata dela desberdintasuna sortzeko ezinbesteko harreman mota. Ikusten dugu, orokorrean gizonek egindako soldatapeko lanaren eta orokorrean emakumeek egindako soldatarik gabeko lanaren arteko diferentzialak potentzial handia duela. Era berean, diferentzial horren bidez Estatua gai da soldatapekoari emateko soldatagabearen gaineko boterea.

Espainiako estatuan abortu-eskubidea murriztu dute berriki. Lege horrek geure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea kentzen digu emakumeoi, nazionalizatu egiten du geure gorputza, zerbitzu publiko gehienak pribatizatzen ari diren garai historikoan, hain zuzen ere. Horrela, erreprodukzio soziala Estatuaren kontrolpean gelditzen da.

Erabat ados nago irakurketa horrekin. Hipokresia hain da nabarmena. Eskandalagarria da esatea lege hau emakumeak babesteko onartzen dutela, guztiz misoginoa baita, kapitalak lan-indarra ekoizteko iturriak kontrolatzeko eskubidearen ikuspegitik pentsatua baitago guztiz. Zeharo hipokrita da munduko emakumeen erdia antzutzen ari diren bitartean, beste erdiari abortatzea edo beren gorputzaren gainean nolabaiteko kontrola izatea debekatzen dietelako.

Zer mezu bidaliko zenieke gurekin borrokan ari diren gizonei, bai baitirudi gauzak ez direla sekula aldatzen, eta kontraesan berberarekin gaudela denbora guztian, hau da, gu gizonezko militantziakideekin batera borrokatzen gara, baina beraiek ez dute ikuspuntu feminista beren borrokan txertatzen.

Esango nieke gure borroka saboteatzen ari direla, bi arrazoirengatik. Hasteko, emakumeak erreprodukzio-lanekin itota bizi direnez, gizateriaren puska handi bat ezin da borrokara lotu. Ama eta amona gaixo badituzu eta haiek zaindu behar badituzu, edo umeez arduratu behar baduzu, eta gainera lan bat badaukazu, ezin zara manifestazioetara joan, ezin zara bileretara joan, inolaz ere. Bigarrenik, beharrezko dugu gizonezkoak ere emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra, misoginiaren kontra, Estatuak emakumeen gorputzei egindako erasoen kontra… borrokatzea. Gizonak zergatik ez dira emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra borrokatzen, fronte guztietan? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak. Egiten ez badute, borroka saboteatzen ari dira. Beren borroka propioa hondatzen ari dira, saboteatzen, zeren eta, emakumeen kontrako hainbeste bortizkeria onartzen duen mugimendu batek ezin izango baitu borroka irabazi, ezin izango zaio kapitalismoari gailendu. Kapitalistek ez dute poliziarik behar, emakumeak egurtzen, erasotzen, umiliatzen dituzten gizonak izanda, energiaz eta autoestimuaz gabetzerainoko moduan tratatzen dituzten gizonak izanda. Hortaz, gizonek arazo horri aurre egiten ez badiote, ezingo dira kexatu borrokak aurrera egiten ez duelako.

> Irakurri elkarrizketa osoa Elearazi.org webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude