Auzitegi Nazionala Sidenorrek Israel Military Industries enpresarekin (IMSI) duen harremana ikertzen ari da. Basauriko egoitza miatu dute astelehen arratsaldean, 2024an eta 2025an egindako hainbat salmentaren berri izateko.
Espainiako Polizia Basauriko Sidenor enpresaren egoitzan egon da astearte arratsaldean, ustez legez kanpo Israeli altzairua saldu izanagatik irekitako ikerketaren harira. Ikerketa sekretupean badago ere, enpresako kideek ETBri azaldu diotenez, nagusiki 2024 eta 2025 urteetako salmentekin lotutako material informatikoaren bila aritu da Polizia. Hedabide berak jaso duenez, Fiskaltza miaketaren aurka agertu da.
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta beste bi zuzendari ikertzen hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo enpresari baimenik gabe altzairua saltzea, kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delituengatik. Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera ikertuak jakitun ziren saldutako altzairua armak eraikitzeko erabiliko zuela Israelgo enpresak. Jainagak eta bi zuzendariek abenduaren 12an deklaratu zuten epaitegian. Legez kanpoko salmentarik egin izana ukatu zuten.