Sidenor enpresaren Basauriko egoitza miatu zuen otsailaren 10ean Espainiako Poliziak, ustez Israeli altzairua legez kanpo saldu izanagatik irekitako ikerketaren harira. Eta hilabete geroago, mediku gazatar bat akusazio partikular gisa onartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Francisco de Jorgek. Asteartean, hilak 15, Auzitegi Nazionalak berak Poliziak egindako miaketa baliogabetu du, eta ez du onartu mediku gazatarra akusazio partikular gisa aurkeztea.
Iazko urrian jakin genuen Sidenorreko presidente José Antonio Jainaga eta beste bi zuzendari ari zela ikertzen Francisco de Jorge epailea, Israeli armak egiteko altzairua saltzeagatik. Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak hasitako kereila baten ondorioz hasi zen prozedura; epaileak bi delitu leporatzen dizkie hiru gizonei: kontrabando delitua eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea.
Pasa den otsailaren 10ean, Espainiako Poliziak Sidenor enpresaren Basauriko egoitza miatu zuen. Enpresako kideek azaldu zutenez, nagusiki 2024 eta 2025 urteetako salmentekin lotutako material informatikoaren bila aritu ziren poliziak. Fiskaltza miaketaren aurka agertu zen. Eta, martxoaren 3an, Francisco de Jorge epaileak Reffat Alathamma mediku gazatarra akusazio partikular gisa onartu zuen, “Israelgo armadak Gazan egindako ekintzen biktima zuzena dela egiaztatu delako".
Medikuak genozidioa eta gizateriaren aurkako delituak egozten zizkion siderurgia-enpresari, baina Auzitegi Nazionalak ez du akusazio partikular gisa aritzea onartu, Fiskaltzaren tesiari helduta: ezin dezake akusazio partikular moduan jardun, ez baita ustezko delituengatik (genozidioa eta gizateriaren aurkako krimena) kaltetua edo mindua izan. Hori dela eta, auzitegiak azaldu du Fiskaltzak besterik ezin dizkiola enpresari aipatu delituak leporatu; Fiskaltzak, baina, ez du kereilarik jarri, horretarako zantzurik ez dagoela iritzita.
Bestalde, Poliziak egindako miaketari dagokionez, Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du, besteak beste, bertan behera geratu den autoak "ez dituelako oinarrizko eskubide bat mugatzeko gutxieneko baldintzak gainditu". Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagaren defentsak aurkeztutako apelazio-errekurtsoa ontzat eman du, beraz, auzitegiak.
Ikerketa, zabalik
Sidenor enpresaren aurkako ikerketa zabalik dago Auzitegi Nazionalean. Hark hartutako erabakien ostean, baina, kontrabandoko ustezko delitu batean soilik zentratuko da prozedura, altzairua Israelgo enpresa bati esportatzeagatik. Iazko azaroaren 12an, Jainagak eta enpresako beste bi zuzendarik ikertu gisa deklaratu zuten Auzitegi Nazionalean. Jainagak adierazi zuen Sidenorrek ez zuela "inolako irregulartasunik egin Israeli egindako altzairuaren salmentan"; bere hitzetan, Sidenorrek egin eta Israelera esportatutako altzairua ez zegoen "administrazioaren kontrol berezia behar zuten produktuen artean". Aurrez, 2025eko uztailaren 1ean, Sidenorrek Israeli altzairua saltzeari utziko diola iragarri zuen, Palestinaren aldeko eragileen presioaren erdian.