Shangri-la bilkura: plazera izan da elkar ikustea... eta zer gehiago?

  • Singapurreko Shangri-la hotelean urtero garaitsu honetan egiten den elkarrizketa politiko-militarra (IISS Asia Security Summit: Shangri-La Dialogue izen ofizialez) mundu mailako erreferentea bilakatu da eta, velis nolis, gainditu egin ditu kidekoak, aurretiaz zituenak (demagun, Municheko MSC) nahiz geroztikoak (Halifaxeko HISF). Definitzen erraza ez den nazioarteko harreman-eredu baten, Defentsa diplomaziaren, orkoi bihurtu da, gainera.

Herrialde bakoitzak Singapurrera bidaltzen duen ordezkaritzak erakusten du bere hitzei eman nahi dien hauspoa. The International Institute for Strategic Studies.

2026ko ekainaren 2an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Horrelakoetan, azken batean, protagonista bertsuak elkartzen badira ere agertoki desberdinetan, kasu honetan Asian egiteak eta partaideak beste kasuetan baino “militarragoak” izateak (hizlariak gehienbat zibilak diren arren, uniformeak nagusitzen dira ordezkaritza gehienetan) izango du, agian, zerikusia arrakasta erlatibo horretan. Ez da izango, ordea, aurtengoa bezalako edizioek dakartzaten ekarpenagatik. Iazkoa iheskorra izan bazen, aurtengoa ilaunagoa izan dela ebatzi beharko baikenuke.

Izan ere, baziren orduan bilkuraren ingurumarian solaskideen arteko bi gudu zehatz: bat, Thailandia eta Kanbodiaren artekoa, elkarrizketa mahaira eramana dirudiena, baina oraindik erabat amatatu gabea. Eta bestea, askoz larriagoa, inguruneko bi potentzia nuklear, India eta Pakistan, ordu batzuez bederen elkarri erasoka jarri zituena. Orduan eta orain su batean legokeen Myanmarreko gerra zibila ez aipatzearren. Ez da Shangri-lako solasaren betekizuna izango halakoetan bakeak eginaraztea, baina lagungarri izan behar luke. Eta ez dakit iazkoaz aurten Pakistango ordezkariek egin duten irakurketak, adibidez, laguntzen ote duen.

Herrialde bakoitzak Singapurrera bidaltzen duen ordezkaritzak erakusten du, nolanahi ere, bere hitzei eman nahi dien hauspoa. Eta Pakistanen kasuan, adibideari eutsiz, esanguratsua da bertaratu ez izana Defentsa ministroa ez eta, batez ere –egin eta desegiten duena bera delako–, Asim Munir mariskala. Aitzakia baino gehiago duten Irango gerraren juzgu ere egin genezake. Bai izan dela Shangri-lan Indiako Defentsa ministroa –funtzionario zibil bat–... egitarau ofizialean hitza hartu gabe Australiarekin, Zeelanda Berriarekin eta abarrekin tratuak adosten gogotik saiatu dena. Egitaraukoa bezain garrantzizkoa izan daiteke hori ere.

Horren ifrentzua izango litzateke Txinarena. Bigarren urtez jarraian Dong Jun, Defentsa ministroak kale egin du (behin bakarrik, 2024an, izan da Shangri-lan); eta izar bakarreko jeneral bat, Meng Xiangqing, Defentsa Unibertsitateko irakaslea, bidali du ordezkaritza-buru. “Zer diozuen entzutera gatoz eta, ordainetan, geure doktrina jaulkiko dizuegu” esateko modu argiagorik ba ote dago?

Entzun dituztenen artean, Shinjiro Koizumi ministro japoniarrak esana da txinatarrei batere gustatu ez zaiena. Eta, aldiz, iaz baino atseginago, baina erabat aintzat hartu gabe, aditu dituzte Pete Hegseth, Pentagonoko idazkariak esandakoak.

Hegsethen arazoa da etxean, AEBetan, batzuen belarriak tente jarrarazi dituela iaz esan eta aurten esateke utzi duenak.


Irakurri gehiago: Singapur Nazioartea Asia Politika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.