Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan ezingo dute sexualitateari lotutako edukirik jorratu, eta Bigarren Hezkuntzan landu ahal izateko, espresuki gurasoen baimena eraman beharko du ikasleak. Italiako Senatuak onartu berri du lege polemikoa.
Are gehiago, Bigarren Hezkuntzako nerabeekin gaiaz aritu ahal izateko, aurrez ikastetxeek komunikatu beharko dituzte tailer horien helburu pedagogikoak, jorratuko dituzten edukiak eta egingo dituzten ekintzak, baita kanpotik aditurik etorriko al den ere. Sexu heziketaren aurkako sorgin ehizak irakasle eta ikastetxeengan presioa, kontrola eta zentsura ekarriko dituela ziur dira Educare alle Differenze elkartean.
Izan ere, El Salton egindako erreportajean, elkarteko kideek diote herrialdean polemika eta eztabaida eragin dituen legeak heziketa sexu-afektiboa susmagarri bihurtu duela, deskonfiantzaz ikusi beharreko zerbait. Eta nabarmendu dute hain justu familiak eta ikasleak eurak direla gorputzez, emozioez eta sexualitateaz hitz egiteko espazioak eskatzen dituztenak.
Gainera, izatekotan behin 12 urteak beteta hasiko lirateke gazteak sexu heziketa ikasten, nahiz eta arloko adituek nabarmentzen duten txiki-txikitatik egin behar zaiola leku arlo afektibo eta sexualari.
Pro Vita e Famiglia erakunde kontserbadoreek hauspotuta eta Lega eta Fratelli d’Italia alderdi eskuindarrek babestuta dator legea. Aspalditik daramate sexu heziketa lotzen doktrinamenduarekin edota genero ideologia deitzen dutenarekin. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren hitzetan, “hain gai delikatuez haurrak heztea gurasoei dagokie”.
Izatekotan, behin 12 urteak beteta hasiko lirateke gazteak sexu heziketa ikasten, nahiz eta arloko adituek nabarmentzen duten txiki-txikitatik egin behar zaiola leku arlo afektibo eta sexualari
Aditu eta erakunde asko dira, ordea, sexu heziketa zein funtsezkoa den azpimarratzen dutenak, tartean Osasunaren Mundu Erakundea. Ondorioa izan daiteke sexualitatea (gorputzak, harremanak, identitateak, emozioak, desirak…) tabu bihurtzea eta heziketa hori haur eta gazteek online aurkituko dutenaren esku uztea, pornografiaren esku, inongo irakurketa kritikorik eta bitartekaritzarik gabe.
Skolaeren aurkako gurutzada
Italiako kasuak Euskal Herrian bizitakoa dakar gogora, neurri batean. Hainbat sari jaso ditu Nafarroako Skolae programak, baina oso bide malkartsua izan du, guraso ultrakatoliko batzuek eta plataforma eskuindar batek jarritako salaketa medio, eta politikakeria tarteko. Programa horri ere, haurrak “genero ideologian” doktrinatzea leporatu zioten, auzitara birritan eraman zuten –Skolae gelditzeko tema handia zuten epaileen laguntzaz– eta programaren hainbat egile auzitara eraman zituzten. Are, "pederastak" eta "pedofiloak" zirela ere entzun behar izan zuten, besteak beste. PP, UPN eta VOX alderdiek ez zuten aukera galdu, giroa gaiztotzeko.
Sexu heziketaren kontra sortzen diren eta etorkizunean sor daitezkeen mugimendu antolatuen seinale izan zen, nolabait, Skolae.