Arrigorriagako Padura futbol taldeko adin txikiko neska batek sexu-indarkeria jasan duela salatu dute Bidaure eta Urruma elkarteek. Ustezko erasotzaileek ere Paduran jokatzen dute, adierazi dutenez. Klubak gaitzetsi egin ditu elkarteok zabaldutako "funtsik gabeko akusazioak".
Arrigorriagan (Bizkaia), Padura futbol taldeko adin txikiko neska batek sexu-indarkeria jasan duela salatu dute Bidaure genero indarkeriaren biktima diren haurrak babesteko elkarteak eta Urruma talde feministak. Ustezko erasotzaileek, haiek ere adinez txikikoak, Paduran jokatzen dute. “Jokalari horiek adingabea jazarri dute entrenamendu saioetan, eta horrek adingabeak jasaten duen egoera larriagotu baino ez du egin”, adierazi dute bi elkarteek, eta gaineratu: “Kirol elkarteak ez du eman kasu hauetan espero zitekeen erantzunik, indarkeria matxistaren aurkako protokoloetan eta sustatu nahi omen dituen printzipioetan oinarrituta”
Arrigorriagako kirol elkarteko ordezkariak “ez dira adingabearen alde agertu, eta hartutako neurriak jazarritako adingabearen ongizatea eta babesa bermatzeko ez dira nahikoak izan”, salatu dute Bidaure eta Urruma elkarteek, Jon Goikouria kazetariak Geuria.eus-en jaso duenez. “Onartezina eta umiliagarria da klubak eskura dauden neurri guztiak ez aktibatzea eta biktimari bizkarra ematea”, diote.
Elkarteok klubari eskatu diote biktimari eta haren kideei barkamena publikoki eskatzea eta erreparazio neurriak hartzea, erasotzaileei diziplina neurriak ezartzea, indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat premiaz ezartzea, eta prebentzio neurriak bermatzea horrelakorik errepika ez dadin.
Gertaerekin lotuta bost mutil gazte ari dira ikertzen. Entrenamendu-saioetan neska jazartzeaz gain, mutiletako batek ustez neskaren bideo bat zabaldu du, zeinak sexu-irudiak dauzkan.
Klubak iragarria zuen protokoloa sortuko zuela
Hain justu, pasa den otsailean, Arrigorriagako Udaleko Berdintasun Arloaren babesarekin, Padura taldeak iragarri zuen genero berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortuko zuela. Geuria-k zioenez, klubak aitortu zuen protokoloa sortzeko erabili diren “balioen aurkako jarrera batzuk” detektatu izan dituztela, eta azpimarratu zuten ez dela onartuko errespeturik gabeko inolako jarrerarik, jazarpenik edo indarkeriarik, ahozkoa, psikologikoa edo fisikoa izan, edonondik etorrita ere: teknikariak, jokalariak, zuzendariak, familiak, zaleak edo klubaren jarduerari lotutako beste edozein.
Klubak dio "erralitatea desitxuratu" dutela
Padurak adierazi du taldea ez dela sexu-jazarpen kasu horren "erantzulea", eta salatutako gertaerak ez direla klubaren "eremuaren barruan" gertatu, EFEk pasa den ostiralean jaso zuenez.
Sare sozialetan plazaratutako oharrean, klubak "irmo" gaitzetsi ditu Bidaure eta Urruma elkarteek zabaldutako "funtsik gabeko akusazioak". "Informazio faltsua eta kontrastatu gabea zabaltzeak, errealitatea desitxuratzeaz gain, kalte larria eragiten die adingabeei, haien familiei eta kirol komunitate osoari", dio idatziak. Kluba prest agertu da adingabearen familiarekin edota erakundeekin lankidetzan aritzeko, eta esan du gertakari horien berri izan zutenean, 2025eko azaroan, "babeserako barne-protokoloak eta prebentzio-neurri zehatzak" hartu zirela.
Era berean, ostiral iluntzean zabaldutako oharrean, Padurak "gogor" gaitzetsi du "edozein eraso mota", baita bideoa hedatu izana ere: "Ekintza arduragabea da eta pertsonen intimitatea urratzen du". Dena den, adierazi du bideoa ez zuela klubeko jokalari batek zabaldu: "Instalazioetan ez dago jasota inolako sexu-erasorik, jazarpenik edo indarkeriarik gertatu denik".
Udala: "Horrelakoak indarkeria matxistaren adierazpen gisa ulertu behar dira"
Bestalde, Arrigorriagako Udalak “kezka eta erabateko errefusa” agertu ditu, “ustez hainbat gaztek eduki sexualeko bideo bat baimenik gabe zabaltzearekin eta horren ondoren biktimak jasan duen jazarpenarekin lotuta”.
“Halako jokabideek pertsonen intimitatea, duintasuna eta eskubideak urratzen dituzte, eta indarkeria matxistaren adierazpen gisa ulertu behar dira”, dio udalak plazaratutako oharrak. “Horrelako ekintzek ondorio larriak izan ditzakete biktimentzat, batez ere adingabeak tartean daudenean”.
Udalak adierazi du gertaeraren berri izan zuen momentutik bitartekaritza-lanak egin dituela familiarekin eta Padura Futbol Taldearekin: “Bilera horien helburua izan da egoera hau gaitzestea eta familiari babesa eskaintzea. Halaber, futbol taldeari beharrezko neurriak hartzeko eskatu zaio”.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, behin ikerketa amaituta, auzia Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute.