Erasoa larunbatean gertatu zen Gasteizko aldirietako gasolindegi baten kanpoaldean. Gasteizko mugimendu feministak kontzentrazioa antolatu du.
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du sexu erasoa egotzita. Erasoa larunbat gauean gertatu zen. Erasotzaileak gasolindegi baten dendatik irten zenean egin zion eraso emakume bati. Emakumeak aurre egin zion erasotzaileari, eta azken horrek ihes egin zuen. Gasolindegiko kamerek gertatutakoa grabatu zuten.
Ez da Gasteizko jaien testuinguruan gertatu den eraso bakarra. Asteartean beste gizonezko bat atxilotu zuen udaltzaingoak emakume bati ukituak egiteagatik. Gasteizko mugimendu feministak hirugarren eraso bat ere gertatu dela jakinarazi du.
Kontzentrazioa asteazkenean
Gasteizko mugimendu feministak eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatzea erabaki du. Kontzentrazioa antolatu du asteazkeneko 20:00etan Andra Mariaren plazan, “Aski da! Ni una menos” lelopean.