argia.eus
INPRIMATU
Sexu berekoen arteko ezkontza, Erresuma Batuan ere legezko
  • Pasa den otsailean Eskoziak onartu moduan, Ingalaterran eta Galesen ere joan den astetik legezkoa da sexu berekoen arteko ezkontza. Alderdi nagusien babesa izan du lege aldaketak eta dagoeneko ospatu dituzte lehenengo eztei homosexualak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko martxoaren 31
Sexu berekoen arteko lehenengo ezkontzak legea onartu eta berehala ospatu ziren.

David Cameron lehen ministroaren hitzetan, une garrantzitsua da: "Errespetu, tolerantzia eta berdintasun baloreen tradizioak harro ohoratzen jarraituko dituen herrialdea garela gogoratzen digun unea".

Nick Clegg liberaldemokrata eta gobernu-kidea ere pozik agertu da, bere alderdiaren babesa izan duelako erreformak. "Koalizioan sartu izanak hau onartzeko balio izan badu, niretzat merezi izan du".

Ed Miliband lider laborista ere harro dago erabakiarekin, nahiz eta azpimarratu duen berdintasunaren aldeko borroka oraindik ez dela bukatu.

Elizak onartu egin du erabakia

Canterburyko artzapezpiku Justin Welbyk legedi berria onartu eta Elizak Parlamentuaren erabakiak bere egingo dituela adierazi du: "Legea aldatu egin da eta egoera onartzen dugu".

Gazteentzako mezua

PinkNews LGBT webgunean artikulua idatzi du David Cameronek, Legeak jendearen maitasuna banantzen duenean, legea aldatu egin behar da izenburupean. Artikuluan dio beretzat oso une garrantzitsua izan dela: "Zortea izan dut, bizitza osorako bikotekide zoragarria aurkitu dudalako Sam-engan (...) Maitasuna, babesa, egonkortasuna eta zoriontasuna ikaragarria da. Hori Estatuak ezin dio inoiz inori ukatu, bere sexualitatean oinarrituta".

Cameronen hitzetan, lege berriak "mezu boteretsua bidaltzen die beren sexualitateaz zalantzak dituzten gazteei. Argi eta garbi esaten die 'berdina zara' heterosexual nahiz gay izan. Hori oso garrantzitsua da, jendeak bere sexualitateagatik beldurra sentituko ez duen giroa sortzeko".

Hala ere, lehen ministroak gogoratu du oraindik erronkak gelditzen direla bide honetan eta "beti bezain konprometituta" jarraitzen duela "homofobiak eragindako jarrera, eraso, gorroto eta hilketei zurekin batera aurre egiteko".