Delituak preskribitu duelako, edo pederasta hilda dagoelako, epaitegietara jo ezin duten biktimak indemnizatzeko sistema adostu dute Espainiako Gobernuak eta Elizako erakundeek, Espainiako arartekoaren bidez.
Lehen kasuak jakin zirenetik urteak igaro direnean, Espainiako apezpiku-konferentziak (CEE) eta Erlijiosoen Konferentzia Espainiarrak (CONFER) onartu dute protokolo bat sinatzea Espainiako arartekoarekin, Eliza barruko pederastek egindako sexu abusuen biktimak indemnizatzeko.
Biktima ugarik ezin dute justiziara jo egungo legeekin, dela delituak preskribitu duelako dela erasotzailea hilda dagoelako. Beste askok ez dute Elizako erakundeek ezarritako erreparazio mekanismoekin harremanik ere eduki nahi izan. Orain, Espainiako arartekoarengana jo ahal izango dute indemnizazio eskaerak egiteko.
Erakundeen arteko protokoloa urtarrilaren 8an adostu zuten, baina astelehen honetatik aurrera jarriko da martxan, ordaindu beharreko zenbatekoa barematzeko eztabaidatzen aritu baitira orain arte.
Duela ia bi hamarkada sexu abusuen eskandalua lehertu zenetik, CEEk behin eta berriz uko egin dio hari aurre egiteari, eta biktimak soilik "1.000 edo 2.000" izan daitezkeela esan du
Adostutakoarekin, arartekoaren Biktimen Bulegoak kasuak aztertu eta indemnizazio proposamen bat egingo du. Akordiorik egon ezean, batzorde mixto batek ebaluatuko du eta azken hitza arartekoak izango du. Biktimek ez dute indemnizazio horien PFEZ zerga ordaindu behar izango.
Duela ia bi hamarkada sexu abusuen eskandalua lehertu zenetik, CEEk behin eta berriz uko egin dio hari aurre egitea, eta biktimak soilik "1.000 edo 2.000" izan daitezkeela esan du. 2022an Espainiako Kongresuak arartekoari agindu zion txosten bat egin zezala, auziaren tamaina ikusita, eta honek egindako inkesta baten arabera populazioaren %1,13 jasan dituzte azken hamarkadetan halako abusuak, 450.000 pertsona inguruk.
Baina ez dago Elizako pederastia biktimak Espainiako Estatuan zenbat diren esaten duen zerrenda ofizialik. Duela zortzi urte El País egunkaria hasi zen datu basea osatzen eta jadanik 2.951 biktima eta 1.571 ustezko pederasta identifikatu ditu; baina bistan da askoz gehiago izan daitezkeela.