Irla iparraldeko aireportuan utzi gaitu hegazkinak, eta hegoaldera eraman autobusak, edo guaguak, bertakoei ikasi diegun moduan. Ez dira Aste Santuko oporrak, ez eta udakoak ere, unibertsitateko klaseek bere horretan jarraitzen dute gu hemen egon arren. Behe-denboraldi deritzon horretan etorri garela hona, alegia. Ohikoa den moduan, hegaldi merkeenaren legeak iradoki digu lau eguneko ihesaldi honen jomuga: Los Cristianos, Tenerife.
Egoki edo dezente bezala deskriba daitekeen apartamentuan motxilak utzi eta itsas pasealekura atera gara zuzenean, aspaldian sumatu gabeko berotasun horren bila. Lagun batek esan zidan hemen, leku honetan, dena dela ilusio optiko erraldoi baten parte, ehizaki jakin batzuk erakarri asmoz hotel, resort eta jatetxez jositako armiarma-sare arriskutsu bezain delikatua dela. Baina ederra da itsasoa, argitasuna, brisa… eta are ederragoa presa zantzurik gabeko jendearen erritmoa.
Nire buruak analitikoki deskribatzen du eguzkitako betaurrekoetatik igaro eta begietan barrena sartzen den iruditegia. Jubilatuak dira gehienak hemen, britainiarrak, azala zimur-zimur eginda eta ilea zuri-zuri duten horietakoak. Hondartza alboko azoka txikietan erositako soineko edo blusa koloretsuak daramatzate soinean, eta scooter delakoetan mugitzen dira aurrera eta atzera pasealekuan zehar. Gehienek ez dute oinez ibiltzeko arazorik, baina denok nahi izaten dugu noizean behin eraman gaitzaten.
Dena da ilusio optiko erraldoi baten parte, ehizaki jakin batzuk erakarri asmoz hotel, resort eta jatetxez jositako armiarma-sare arriskutsu bezain delikatua
Lehenengo lerro honetan denda eta jatetxe ugari daude, eta argi dago oinetan hozka eginez azala leun uzten dizuten arraintxoen lokalak direla jubilatuen gustukoenak. Ilaran esertzen dira bi edo hiru, oinak uretan sartu, mugikorrak atera, eta arraintxoek eraso egiten dieten bitartean haien biloben argazkiak erakusten dizkiote elkarri; “begira zeinen ondo egin ditudan gauzak” esateko beste modu bat. Gu zerbait saldu nahi digun norbait saihestu nahian gabiltza une oro, eta ez gara toki berean luze geratzen.
Dekorazioari dagokionez, torero eta paella ugari daude Los Cristianoseko ikonografian, eta tanto gorrizko trajez jantzitako flamenko dantzariak ere bai. Turista batek espero dezakeenera murriztu da hemengotarren kultura, eta hizkuntza bera exotismo bat da; kartel eta menu guztiak ingelesez daude. Koktelak ez dira salbuespena: Blue Lagoon, Sex on the Beach… pelikula pornografiko baten izenburu izan litezke guztiak. Guri eskatzeak lotsa apur bat ematen digu.
Eguna besterik gabe igaro da, eta eguzkia sartu orduko intentsitate handiko koloretako argiz bete da guztia. Terraza gehienetan hogeita hamar urte inguruko gizon bat irten da jendartera gitarra eskuan harturik, eta batek Ed Sheeranen Perfect jo badu, besteak John Lennonen Imagine. Aitaren mezua: “Misilik ikusi duzue zeruan? Iran bonbardatu dute”.
Bost izarreko makro hotelean Freddie Mercuryren imitatzailea dena ematen ari da: “I want to break free” dio, eta jubilatuek ere “I want to break free”. Denak dantzan, denak pozik, denak ondo; bizitza bat egokitasunez bizi izanaren lasaitasuna aurpegian. Hamaiketarako oheratuko dira denak eta bihar babarrun tostada gosalduko dute itsasoari begira. Amerikanada britainiar bat da Los Cristianos.
Apartamentura bueltan goazela, desmuntatze lanetan harrapatu ditugu azokako langileak, eta apur bat haratago futboleko kamisetak poltsetan biltzen ari dira pare bat kale-saltzaile. Jatetxeetako langileak ere garbiketa lanetan ari dira, eta amaitzera doan lanegun baten nekea igartzen zaie aurpegian. Armiarma-sare honen ezkutuko jostun txikiak dira den-denak, eta nik jada ez dakit zein den nire rola.
Heldu gara apartamentu parera. Zeruari badaezpadako azken begiratua bota diot: ez da misilik ageri.