Milaka lagun elkartu dira Serbiako hiriburuan, Hagako auzitegiak 2017an zigortutako jenerala agurtzeko. 1995an Sebrenican milaka lagun hil zituzten sarraskiaren buruetako bat izan zen. Omenaldiak arrabotsa eta kritikak sortu ditu nazioartean.
Belgradeko San Lucas eliza ortodoxoan ohoreekin erakutsi eta lurperatu dute Ratko Mladic militar serbiarraren gorpua, Sebrenicako harakina izenez ezaguna. Milaka lagun elkartu dira, 83 urte zituela Hagako espetxe bateko ziegan hildako jenerala agurtzeko, Serbiako Armadako buruak eta gobernuko goi karguak barne.
Omenaldiak arrabotsa sortu du nazioartean. Bosnia-Herzegovinak Belgraden dituen diplomazialariak erretiratu ditu, eta herrialde horretako Kanpo ministroak Serbiarekin harremanak hausteko nahia adierazi du. Europar Batasunak, bere aldetik, adierazi du halako "gorespenek" ez dutela tokirik batasunaren barruan, Serbiak EBra batzeko egindako eskaria auzitan jarrita: "Ikusiko da", ohartarazi du Paula Pinho Europako Batzordeko bozeramaileak.
Mladic 2011n atxilotu zuten eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak bizitza osorako kartzelara zigortu zuen, genozidioagatik. Besteak beste, Bosnian, Sarajevoko setioan eta 1995eko Sebrenicako sarraskian, milaka lagun hiltzea agindu izana egotzi zioten.
Sebrenicako sarraskia Bosniako Serbiako Errepublikako Armadako soldaduek burutu zuten, XX. mende amaieran eta Europaren bihotzean. Balkanetako gerraren testuinguruan, milaka errefuxiatu bosniaka –bosniar musulmandarrak– ihesean joan ziren ingurune horretara, NBEn Herbehereetako kasko urdinen babesaren bila. 1995eko uztailean, baina, kasko urdinen eta NATOren pasibotasuna agerian utzita, serbiarrek triskantza eragin zuten.
Hainbat zenbaketen arabera, 10.000 lagun izan litezke Sebrenican hildakoak; horietako askoren gorpuak identifikatzeko zain daude oraindik senideak, eta hobi komunetatik urtero dozenaka lagunen gorpuzkiak ateratzen jarraitzen dute, Maria Ortegak genozidioaren 30. urteurrenaren kari idatzitako Srebrenica: ez aitorpenik, ez barkamen eskerik erreportajean kontatu zuen moduan.