SEPIk 150 milioi euroko zorra ez badu barkatzen Tubos Reunidosek ez du etorkizunik, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiaren iritziz

  • Gonzalezek erantsi du ez dela egia Europar Batasunak itxi dionik atea 150 milioi euroko zorra barkatzeari, eta aukera legal gehiago daudela nabarmendu du.


2026ko urriaren 28a - 07:10
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

SEPIren malgutasuna zorra kobratzeari begira ez da nahikoa Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzeko, Ramiro Gonzalezen aburuz. Arabako Ahaldun Nagusiak prentsaurrekoa eskaini du gaur Foru Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko eta kazetariek enpresari buruz galdetu diote.

Gonzalezek ez du zalantzarako tarterik utzi eta argi eta garbi esan du 150 milioi euroko zorra barkatzen edo berregituratzen ez bada, Tubos Reunidosen enplegu guztiak galduko direla.

Ahaldunak azaldu du inbertitzaile guztiek adierazi dutela ez dutela zorra euren gain hartuko.

Legez kontrakoa?

Zenbait hedabidek aipatu diote SEPIk zorra barkatzea legez kontrakoa litzatekela, Europar Batasunak azaldu duenez, baina Gonzalezek desadostasuna erakutsi du.

Ahaldunaren iritziz, Bruselaren erantzuna kontsulta ez loteslearen emaitza da eta bestelako adibideak daude, zeinetan bide ezberdinak jorratu dituzten: "Nik eskatzen dudana da bide eta aukera juridiko guztiak lantzea".

ESKren balorazioa

Tubos Reunidoseko ESK-ko sekzioak ere oharra plazaratu du azaltzeko enpresaren egoera larria dela. Baina, bere iritziz, "horrek ez du esan nahi itxiera saihestezina denik, ezta salmenta-prozesuak porrot egin duenik ere. Gertakariak eta hipotesiak bereizi behar dira, eta konkurtso-prozedurako berritasun bakoitza enpresa desagertzeko bidean beste urrats bat balitz bezala aurkeztea saihestu".

Sindikatuak mezu argia zabaltzeko baliatu du aukera: "Tubos Reunidos taldeak industria-instalazioak, ezagutza teknikoa, langile kualifikatuak, bezeroak eta ekoizpen-gaitasuna ditu. Industria- eta giza ondare hori babestu behar da; izan ere, ez da bideragarria Amurrioko, Trapagarango eta Langraitz Okako ekoizpen-jarduerak elkarrekin eta modu integratuan garatu gabe".

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio inplikazioa itxiera ekiditeko.

EH Bildu zorra kentzeko alde

EH Bilduk ere bere jarrera plazaratu du eta SEPIri eta Espainiako Gobernuari eskatu die Tubos Reunidosek duen zorra (150 milioi euro) malgutzeko edo kitatzeko bideak bilatzeko.

"Azken egunotan jakin denez, Espainiako Gobernua Europako Batzordearen txosten batean oinarritu da zorra barkatzea saihesteko, Estatuaren laguntzatzat hartuko litzatekeelako. Hala ere, beste iturri batzuen arabera, posible litzateke ordainketak atzeratzea". Egoera horren aurrean, EH Bilduk "malgutasuna" eskatu dio Espainiako Gobernuari, hiru lantegien eta langileen etorkizuna bideragarria izan dadin.


Ekonomia krisia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.