Herritar batek euskara eskakizunen aurka helegitea aurkeztu ostean, Errenteriako Udalak 2025eko azaroan aurkeztutako Lan Eskaintza Publikoko (LEP) deialdia etetea erabaki zuen. ARGIAk martxoan argitaratutako Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? ikerketan frogatu zuen modu antolatuan sabotatu zutela deialdia CCOO sindikatuko hainbat kidek, Euskara Denontzat elkarteak eta Osakidetzako Unidas Por la Igualdad Lingüistica plataformak. Helegite hori aztertzeko epaiketa egin dute astearte goizean Donostiako epaitegian, eta udalaren abokatuak adierazi du helegitea jarri duenaren interes bakarra administrazio publikoen hizkuntza politika" ezbaian" jartzea dela.
Donostiako Justizia Auzitegian izan dira astearte goizean, alde batetik, Errenteriako Udalaren abokatua; eta, beste aldetik, udalaren 25 administrari lanpostu betetzeko LEPari hizkuntza eskakizunen aurka helegitea jarri zuen herritarrarena –ARGIAk frogatu zuen María Isabel Veiras Nogueira dela, Osakidetzan plaza finkoa duena–.
Udalaren abokatua izan da hitza hartu duen lehena, eta argi esan du: "Helegitearen egileak ez du interes errealik LEP horretan, ARGIAren erreportajeetan frogatu den moduan". Ordu erdi iraun duen epaiketaren amaieran bost dokumentu eman dizkio abokatuak epaileari froga gisa, horien artean ARGIAk eginiko ikerketa erreportajeetako bi.
Veirasek "beste mota bateko interesa" duela gehitu du Errenteriako Udalaren abokatuak, EAEko administrazio publikoen lan deialdien aurka helegiteak jartzen dituzten eragile eta pertsonekin antolatuta jarri baitzuen helegitea. Abokatuak esan du helegite bat onartua izateko, helegitea aurkezten duen herritarrari pertsonalki eragin behar diola deialdiak, eta Veirasen kasuan ez dela horrela: "Ez da aurkeztu lan deialdi publikora, beraz, haren interesa artifizala da".
Helegitea baliogabetzea eskatu dio epaileari, haren egileak ez baitu lotura edo erlazio materialik lan deialdi publikoarekin: "Haren interes bakarra Euskal Herriko administrazio publikoen hizkuntza eskakizunak ezbaian jartzea da". Epaileak, aitortu du helegitea baliogabetzeko arrazoia izan daitekeela helegitearen egileak LEParekin lotura errealik ez izatea.
Helegitegileen argudioak
Veirasen abokatuak, berriz, esan du helegitearen egileak lan deialdi publikoan interes errealik ez duela frogatzeko kasua "sakonki" aztertu behar dela. Horrez gain, azpimarratu du auzitegiek ez dituztela "subjektuen motibazio politikoak" epaitzen.
Abokatuak gaitzetsi du Errenteriako Udalak euskara menperatzea "nahitaezko baldintza gisa" jarri duela eta ez merezimendu gisa: "Horrela herritarren zati handi bati lanpostuetara aurkeztea eragozten die". Horrez gain, udalari leporatu dio Veiras deialdira aurkeztu ez izana froga gisa aurkeztea, bere esanetan, aurkeztu ez bazen, hain zuzen ere, profilik ez izateagatik izan zelako –ARGIAren ikerketak frogatu zuen, besteak beste, helegitea aurkeztu aurretik Veirasek lanpostu finkoa lortu zuela Osakidetzan–. euskarazko C1 eskakizuna ez dutenei LEPetik "baztertzea" helegitearen aurkako argudio gisa erabili izana: "Baldintza diskriminatzailea eta neurrigabea da".
"Ikusi da EAEko administrazio publikoek ez dutela aintzat edukitzen lurraldeko errealitate soziolinguistikoa", gehitu du abokatuak, eta azken urteetan auzitegiek hartutako zenbait epai euskarafoboen adibideak ipini ditu.
Errenteriako Udalaren balorazioa
Epaiketa amaitu ondoren argitaratutako ohar batean, Errenteriako Udalak gogoratu du "adostasun eta kontsentsu zabaletan oinarritutako bidea oztopatzen" duela helegiteak. Izan ere, iritzi diote 2025eko azaroan aurkeztutako LEPak hizkuntza eskakizun horiek izatea "Errenteriako Udalaren urteetako ibilbidearen ondorio koherentea" dela.
"Egindako bidearen zilegitasuna" defendatu du udalak: "Kalitatezko administrazio baten oinarrizko printzipioen eta herritarrek administrazioekin askatasunez aukeratzen duten hizkuntzan harremanak izateko duten eskubidearen alde jarraituko dugu".