Selektibitateko euskarako nota txarrak ezin zaizkie A eta B ereduei egotzi, dio Pedrosak

  • Uztailean Hezkuntza Sailari Eusko Legebiltzarrean egindako galderak ikasturte hasiera honetan ari dira erantzuna jasotzen. Kurioski, batetik Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak berretsi du USAPen euskara azterketako emaitza kaskarrak kontzentratu zituzten epaimahaiko ikasleak A eredukoak zirela (maila txikiagoan, B ereduko batzuk ere bai), eta bestetik, Begoña Pedrosa sailburuak dio nota baxuen zergatia ezin dela hizkuntza-ereduekin lotu.

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

2026ko irailaren 8an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskara azterketaren inguruko polemika ez da eten, eta laster gaiari buruz Eusko Legebiltzarrean egingo duten Hezkuntza Batzordea da horren lekuko. Ildo berean, oporren aurretik erantzun gabe gelditu ziren hainbat galderek arrapostua jaso dute orain, idatziz. Horietako bat da Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari egindakoa: “Zeri egozten dio Hezkuntza sailburuak Euskara eta Literatura azterketan A ereduko (B eredukoak kasu batzuetan) zenbait ikasleren nota baxua 2026ko USAPen?”. Pedrosaren hitzetan, noten “balizko anomalia estatistikoa bi epaimahaitan zentratuta dago, eta ez dator bat galderan hizkuntza-ereduei buruz ateratako ondorio orokorrarekin”. Alegia, “anomalia” bi epaimahai horietan dago, ez A eta B ereduetan. Baina zein ikaslek hartu zuen parte bi epaimahai horietan?

Hain justu, beste galdera bati erantzunez Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuak Bizkaiko bi epaimahai horietako ikastetxeak zerrendatu ditu, eta denak dira A eredukoak edo, proportzio dezente txikiagoan, B eredukoak. Zaila da euskara mailaren eta hizkuntza-ereduen arteko loturarik ez egitea, zer eta gainera euskalgintzak urteak daramatzanean aldarrikatzen D eredua (euskarazko murgiltze eredua) dela euskalduntzeko gai den bakarra.

Denak dira A eredukoak edo, proportzio dezente txikiagoan, B eredukoak. Zaila da euskara mailaren eta hizkuntza-ereduen arteko loturarik ez egitea

Eta B2 maila ziurtatzeko ebaluazioa?

Uztailean ARGIAn jaso genuenez, EAEn ikasle orok euskarazko B2 maila lortu behar du DBH bukatzean, hala agintzen du 2023an onarturiko Hezkuntza Legeak. Lege horrexek berak dio ikastetxeetan B2 lortzen dela egiaztatzeko hainbat ebaluazio-tresna jarri behar zituela martxan Hezkuntza Sailak, maila hori eskuratzen ez duten ikastetxeetan neurriak hartzeko. Legearen artikulu horren inguruko galderak ere orain jaso du Pedrosaren erantzuna, baina sailburuak ez du aipatu ikastetxeetan B2 lortzen al den ziurtatzeko propio ebaluazio erremintaren bat indarrean jarriko dutenik. Pedrosak dio gaur egun dagoeneko egiten diren ebaluazio diagnostikoak balioetsi behar direla “ikastetxeak eta hezkuntza sistema hobetzeko ebaluazio prozesu gisa”. Ebaluazio diagnostikoetan ez dute ikastetxe guztiek parte hartzen (lagin bat hartzen da) eta ikasgai bat baino gehiago ebaluatzen da, tartean euskara. Mekanismo gehigarriak eta ebaluazio tresnak garatzen ari direla ere badio sailburuak, eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua egiten ari den lana azpimarratu du.

Horretaz galdetuta, sailburuak ez du aipatu ikastetxeetan B2 lortzen al den ziurtatzeko propio ebaluazioren bat indarrean jarriko dutenik

 


Utzi erantzuna

Iruzkin bat

Ander
2026-09-08 // 13:06
Lotsagarria Pedrosa anderearena. Euskaldunok ez dugu halako agintaririk merezi. Pikutara garamatzate konplexuz beteriko pertsona hauek.
Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.