Seina ikastaro eta antzezlan, apirilaren 6tik 11ra, Aulestiko 21. antzerki jardunaldietan

  • ArteDrama Euskal Laborategiak urtero legez antolatu ditu jardunaldiak Aulestin (Bizkaia). Euskal Herri osotik heldutako sei antzezlan izango dira herriko udal aretoan eta frontoian; arte eszenikoetako langileek, aldiz, beste sei ikastaro izango dituzte, artearen ertz askotarikoak lantzeko.

Iazko edizioko tailer bat, Ander Lipusen eskutik. Arte Drama.

2026ko apirilaren 1ean - 11:56
Azken eguneraketa: 2026-04-07 09:45
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Badira 21 urte Aulesti euskal arte eszenikoen zentro bilakatu zela, eta horrela izango da aurten ere: apirilaren 6tik 11ra 21. ADEL jardunaldiak izango dira. Barne eta kanpo begirada uztartzen ditu urteroko zita honek, antzerkizaleei begirako eskaintza zabala baitakar, baina baita aktore, zuzendari edo antzerkigileentzako ikastaroak ere.

Formol laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena antzezlanak irekiko du aurtengo jarduna, apirilaren 6an. Horrez gain, beste zenbait antzezlan ere izango dira ikusgai: Idoia Tapia Martinezen Alter nation, Mairu Antzerki Tailerraren Pinpilinpauxa horiak edota Axut! Eta Artedramaren Nor naizen baneki, besteak beste. Egitarau osoa, hemen.

Oholtza gainean egongo direnek emango dituzte ikastaroak, arte eszenikoen askotariko ñabardurak lantzeko. Alter egoaz ariko da Maryse Urruty, “pertsona, aktorea eta pertsonaiaren arteko desberdintasunen” bila. Gorputza, ahotsa, irudia eta bestelako ideiak ere landuko dituzte Formol Laborategiko kideekin, Idoia Tapiarekin eta Nagore Tamayorekin. Oholtza biziaren isla gisa landuko dute Ximun Fuchsekin, eta, azkenik, Ander Lipus ArteDramaren sortzaileak herri antzerkia ekarriko du oholtzara.

Emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko Aulestiko Ilunzar tabernan; ikastaroetarako matrikula jada itxi dute, eta Euskal Herri osoko hamasei lagunek eman dute izena.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...