argia.eus
INPRIMATU
Sei urteko espetxe zigorra eskatu dute bizkaitar baten aurka, etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik Bartzelonan
  • Bi lagunen kontrako epaiketa hasi da gaur, otsailaren 29ean, Bartzelonan. Akusatuetako bat Zeberiokoa (Bizkaia) da, eta bestea Esplugueskoa (Bartzelona). 2020an Bartzelonan etxegabetze bat gelditzen saiatzean, Esquadra Mossoak bortizki oldartu ziren han bildutakoen kontra. Gertaera horien ondorioz, seina urteko espetxe zigorra eskatu dute bi gazteen kontra.

Lukas Barandiaran San Roman 2024ko otsailaren 29a
Dozenaka lagun bildu dira Bartzelonako epaitegiaren aurrean.

Autoritatearen kontrako atentatua eta desordena publikoak egotzita, bizkaitar eta kataluniar baten aurkako epaiketa hasi da otsailaren 29an, Bartzelonako Probintzia Auzitegian, prozesua bi aldiz atzeratu ostean. Defentsaren abokatuek argudiatu dute kasuaren instrukzio fasean irregulartasunak izan direla, eta horrek auziperatuen defentsa eskubidea urratu duela. Hala, autoaren berrikuspena eskatu dute, eta epaileak horren zantzuak daudela aitortuta, epaiketa bertan behera utzi du behin-behinean. Bitartean, epaitegiaren kanpoaldean 200 bat pertsonak babesa eman diete auziperatuei.

Olzinelles Absolució auziperatuen sostengu taldeak esan du autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak erabili dituztela “muntaia poliziala antolatu eta etxebizitza mugimenduko bi militanteak zigortzeko”.

Duela lau urteko gertaerak

2020ko otsailaren 22koak dira gertakariak. Bartzelonako Sants auzoko Herri Eskolak eta Etxebizitza Taldeak inauterietako kalejira antolatu zuten auzoaren suntsiketa, gentrifikazioa eta etxebizitza prezioaren garestitzea salatzeko. Kalejiran, auzoko bizilagun, haur eta familien aurrean aurkeztu zuten ireki berria zen eraikin bat; hain zuzen ere, auzoan etxerik gabe utzitako familiak jasotzeko helburu zuena. Kalejira ospakizun giroan zela, eraikinaren atarian, Mossoek kargatu eta 70 bat pertsona identifikatu zituzten; horien artean ausaz hautatuko bi laguni egotzi zieten ardura.

Ordutik bi aldiz atzeratu da epaiketa, 2023ko urtarrilean eta uztailean. Sostengu taldetik salatu dute hori ere "errepresioaren parte" dela, hau da, prozesu judiziala luzatu eta haren kostuak puztea.

Salatu dute Etxebizitza Mugimendu osoaren kontrako errepresioaren parte dela epaiketa. "Etxebizitzak eskubidea izan beharko lukeela defendatzen dutenen kontra, errepresio polizial, judizial eta administratiboa erabiltzen dute". Izan ere, Katalunian azken urteetan, mugimenduko 50 bat kide atxilotu eta gutxienez 150 lagun auziperatu dituzte, eta Mozal Legearekin, denera, 300.000 eta 400.000 euro arteko isunak ezarri dizkiete.