Espedientea ireki diete sei ertzaini Sestaoko istilu eta atxiloketak ez grabatzeagatik

  • Liskar egoera batean gorputzeko kamerak ez piztegatik ireki die espedientea Ertzaintzaren Barne Gaietarako buruzagitzak. Istiluaren harira hiru herritar atxilotu zituzten, barrabiletako ebakuntza behar izan zuen 22 urteko gazte batek eta lesioengatik artatu zuten haren ama.


2026ko apirilaren 16an - 11:12
Azken eguneraketa: 13:54
Espedientea ireki diete sei ertzaini Sestaoko kasuan kamerak ez piztegatik. www.ukberri.net (CC BY-NC 2.0)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Otsailaren 22an Sestaoko inauterietan poliziekin izandako istilua ez grabatzeagatik sei ertzaini espedientea ireki die Ertzaintzaren Barne Gaietarako buruzagitzak. Gertakarira bertaratutako errefortzuak dira gorputzetan zeramatzaten kamerak piztu ez zituztenak, El Correok jaso duenez. 2025eko ekainetik ustez beharrezkoa zen uneetan kamerak aktibatu ez diren zazpigarren kasua da.

Gertakaria Sestaon jazo zen, goizaldeko ordu bata aldera, emakume bat, bere 22 urteko semea, eta honen 19 urteko laguna zebrabide bat igarotzen ari zirenean. Emakumearen testigantzaren arabera, aldi berean Ertzaintzaren identifikaziorik gabeko auto bat igaro zen abiadura bizian, “ia harrapatu” zituena. Kotxearen atzeko aldea jo zuen emakumeak, bertan zeuden bi ertzainen esanetan “irain eta mehatxuen” artean. Kotxetik irten eta borra luzagailuekin kolpatu zituzten, errefortzuak eskatzearekin batera. Sei polizia uniformedun bertaratu ziren, kameradun uniformearekin. Beren esanetan, gatazka jada amaituta zegoenean iritsi ziren. Poliziek herritarrak atxilotu zituzten, erietxera jo behar izan zutenak zauriak sendatzera. Semeari ospitalean barrabiletako ebakuntza egin zioten eta emakumea hainbat lesioengatik artatu zuten. Salaketa aurkeztu zuten ondoren. Barne Gaietarako buruzagitza arduratu da kasua ikertzeaz, eta kamerak ez piztu izanagatik espedienteak ireki dizkie beren lankideek eskatuta istilura hurbildu ziren sei poliziei.

Kameraren erabileran berri eman du Ertzaintzaren Barne Instrukzioak

2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ostean, 2024an hasi zen Ertzaintza gorputzeko kamerak erabiltzen. Naiz-ek azaldu duenez, kamara pizteko aski da botoia bi aldiz klikatzearekin, eta eramaten duen ertzaina arriskuan egongo balitz, bakarrik aktibatzen dira. Barne Instrukzioak jaso duenez, kamerak herritarren segurtasunean eragin dezaketen arriskuen aurrean baliatu behar dira: beraien bizitza edo integritate fisikoa arriskuan dagoenean; mehatxu edo agresio aukerarik egonez gero; atxilotuak daudenean; iskanbilak gertatzen direnean; eta biolentzia edo intimidazio zantzuak daudenean.

2025eko ekainetik 2026ko martxoaren 18ra barne araudia urratuta kamerak aktibatu ez diren zazpi kasu erregistratu ditu Ertzaintzak, Bingen Zupiriak azaldu duenez. Horietan parte hartu zuten sei poliziari espedientea ireki diete falta arinengatik.

 


Irakurri gehiago: Ertzaintza Politika Polizia
Ertzaintza kanalean gehiago
2026ko martxoaren 25
Arantzazu Beitia - Roberto Villate. “Egia eta Justizia Kermanentzat”
"Diskotekako atezainak azpikeriaz hil zuen Kerman"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.